Politika -
Feijooren inbestidura
Feijook eta Urkulluk ordu erdiz hitz egin dute, baina inbestidurari heldu gabe
Inbestidurari buruz EAJren arduradunekin hitz egin behar duela esan dio lehendakariak PPko presidenteari.
EITB Media
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak ordu erdiz hitz egin dute gaur arratsaldean, telefonoz, baina buruzagi popularraren inbestidurari heldu gabe, Lehendakaritzaren iturriek jakinarazi dutenez.
Horren ildotik, Feijook eta Urkulluk solasaldi "argia" izan dute, eta "orainaren eta etorkizunaren analisia" egin dute, bi aldeen esanetan. Nolanahi ere, lehendakariak esan dio inbestidurari buruz "EAJren arduradunekin" hitz egin behar duela.
Atzo, urte politikoari hasiera eman zion Gobernu Kontseiluaren ostean, Urkulluk argi utzi zuen Voxek "baldintzatu" egiten duela PPren politika, eta jeltzaleen printzipioek "talka" egiten dutela Santiago Abascalen alderdiarenekin.
Era berean, lehendakariak adierazi zion inbestidurarako negozazioei ekitea alderdiei dagokiela, eta "ez presidente autonomikoei". Hori bai, hitz egiteari ez diola uko egingo nabarmendu zuen, "ez Feijoorekin, ez beste inorekin".
Urkulluk atzo azaldu zuenez, "Voxek zalantzan jartzen ditu Ertzaintza, EITB, Osakidetza, euskara eta autogobenua bera". Horregatik, "printzipioekin koherentea" izan behar duela esan zuen: "Ni abertzalea naiz, nazionalista, barneratzailea, irekia eta progresista arlo sozialean".
Feijook bilera-sorta egin nahi du presidente autonomikoekin, bere inbestidura-saioari begira.