Politika -
Hezkuntza
Unibertsitatera sartzeko probari buruz zer erabaki duen jakinaraziko die gaur Espainiako Gobernuak erkidegoei
Proba berria onartzeko errege-dekretua ia amaituta zegoen, baina Ministerioak maiatzean gelditu zuen prozesua, hauteskunde orokorren deialdiaren ondorioz.
Agentziak | EITB Media
Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioa gaur goizean bilduko da autonomia-erkidegoetako eta unibertsitateetako ordezkariekin, 2024ko unibertsitatera sartzeko probari buruz zer erabaki duten jakinarazteko. Proba hori onartzeko errege-dekretua ia amaituta zegoen, baina Ministerioak maiatzean gelditu zuen prozesua, maiatzaren 23ko hauteskunde orokorren deialdiaren ondorioz.
10:30etik aurrera, bi bilera egingo dituzte bideokonferentzia bidez. Lehenengo, autonomia-erkidegoetako ordezkariekin egongo dira, eta, ondoren, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziarekin.
Bilera horietan, Ministerioko iturrien arabera, 2024ko azterketei begira zer erabaki hartu duten azalduko dute. Exekutiboak egungo probari eustea edo trantsizioa martxan jartzea erabaki lezake. Azken hori egiteko, errege-dekretu bat onartu beharko luke.
2024ko azterketa azken hezkuntza-erreformara (LOMLOE, Celaa legea) egokitzeko diseinua eginda zeukan Hezkuntza Ministerioak; izan ere, legeak curriculumak (edukia) ez ezik, ikasleek ikasteko duten modua ere aldatzen du, gaitasunetan gehiago oinarritzeko eta gutxiago memorizatzeko.
Maiatzaren 31n, Pilar Alegria ministroak zuzentzen duen taldeak geldiarazi egin zuen errege-dekretuaren zirriborroaren onarpena uztailaren 23ko hauteskunde deialdiaren ondorioz. Gobernua jardunean zegoela eta haren aplikazioa exekutibo berriari uzten ziola argudiatu zuen. Orain, ordea, Ministerioko iturrien arabera, erabaki bat hartu da, Gobernuak 2023-2024 ikasturtearen hasieran probaren berri izango zutela agindu zielako Batxilergoko bigarren mailako ikasle eta irakasleei, horrela behar bezala prestatu ahal izateko denbora izan dezaten.
Hezkuntza Ministerioak zeukan planteamendua da "selektibitatea" 2024 eta 2028 artean pixkanaka ezartzea. Azterketa berriaren berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da azterketa bakoitzaren iraupena 105 minutukoa izango dela (egun 90 minutukoa da). Proba horren emaitza unibertsitatean sartzeko notaren % 40 izango da eta Batxilergoko batez bestekoa gainerako % 60a izango da.