Politika -

Gertaera

Barcina Elizondon 'oldartu' zutela salatu du Nafarroako Gobernuak

Gobernuaren esanetan, erasoa "ezker abertzaleko zenbait kidek" egin zuten, Barcina taberna batean zegoen bitartean.

Yolanda Barcina Nafarroako presidentea. Argazkia: EFE.
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Ezker abertzaleko zenbait kidek” Yolanda Barcina presidenteari egindako “erasoa” gaitzetsi du gaur Nafarroako Gobernuak. Salatu dutenez, erasoa Elizondon gertatu zen, eta manifestariek Barcinaren aurka beirazko edalontzi bat jaurti zuten.

“Kargu demokratikoei egindako eraso hauek ez datoz bat demokraziarekin eta jarrera totalitarioak erakusten dituzte”, azpimarratu du Luis Zarraluqui Sustamen kontseilariak.

Yolanda Barcina, Javier Morras kontseilaria eta Baztango Udaleko zenbait zinegotzi Elizondora joan ziren atzo, herriko jaiak direla eta. Meza batetik irtetzean, herriko taberna batera joan ziren.

Une horretan, Luis Zarraluquiren hitzetan, pertsona talde bat gerturatu zitzaien, pankartak eskuetan zituztela. Nafarroako erakundeetako ordezkariak iraindu egin zituztela salatu du Gobernuak.

Kontseilariaren hitzetan, elkarretaratze horretan parte hartzen zuten pertsonak “ezker abertzaleko kideak ziren”. Joan zirenean, norbaitek beirazko edalontzi bat jaurti zuela salatu du Zarraluquik. “Hala ere, inork ez zuen minik hartu”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea