Politika -
XV: urteurrena
Bizkaiko PPk Blancoren hilketa gaitzesteko mozioak aurkeztuko ditu
Mozioak oinarrizko hiru helburu jarraitzen ditu: Blanco eta ETAko beste biktima guztiak omentzea, talde armatuarenganako gaitzezpen “garbia” erakustea, eta “batasun demokratikoa berreskuratzea”.
Erredakzioa
Miguel Angel Blanco zinegotziaren hilketa salatzeko asmoz, Bizkaiko PPk mozioak aurkeztuko ditu ordezkaritza daukan 23 udalerritan. Mozio horiek orain dela hamabost urte gertatutako hilketa, eta, “hedaduraz, ETAren aktibitate kriminala” arbuiatzea izango dute helburu.
Bilbon egindako prentsaurreko batean, Nerea Llanos Bizkaiko alderdi popularreko idazkari nagusiak mozioa “Bilduk bere kalitate demokratikoa erakusteko” aukera bezala aurkeztu du. “ETArenganako gaitzespen argi, aitzakirik gabeko eta orain arte mundu hori ohituta egon den hizkera bikoitzik gabeko” gaitzespen testu bat aurkeztuko dute.
Azaldu duenez, Portugalete eta Sestaon mozioa eztabaidatu dute jadanik, eta aukera bietan Bildu abstenitu egin da, “lengoaia distantziakidea” duen testu alternatibo bat aurkeztuz.
Hiru helburu nagusi
Blancoren hilketa arbuiatzea baztertu ostean, Llanosek Xabier Mikel Errekondo Amaiur koalizioko diputatuaren jarrera “lotsatia eta lotsagarria” dela esan du. Horrez gain, ETAren desagerpena lortzeko “demokraten arteko batasuna lortzea derrigorrezkoa dela" argudiatu du.
Mozioek oinarrizko hiru helburu jarraitzen dituzte: Blanco eta ETAko beste biktima guztiak omentzea, talde armatuarenganako gaitzezpen “garbia” erakustea, eta “batasun demokratikoa berreskuratzea”.