Politika -

Legearen 30. urteurrena

Urkullu: 'Euskararen legea bizikidetzaren oinarria da'

EAJren presidentearen hitzetan, "gure gizarteak asko zor dio lege honi, lege honek mesede handia egin baitio herri honen bizikidetzari".

Iñigo Urkuluren artxiboko irudia. Argazkia: EITB
Iñigo Urkuluren artxiboko irudia. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euzko Alderdi Jeltzaleak burutu duen Euskararen legearen 30. urteurrenaren ospakizun ekitaldian, EAJren EBBren presidente eta alderdi jeltzalearen Lehendakaritzarako hautagai den Iñigo Urkulluk azaldu duenez, “hogeita hamar urte betetzen ditu Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak. Gure gizarteak asko zor dio lege honi, lege honek mesede handia egin baitio herri honen bizikidetzari".

"Mendez mende, etengabe, atzeraka zihoan euskara. Azken hiru hamarkadotan, ordea, norabidea aldatu eta hazi egin da: aurrera egin du nabarmen. Legea bera izan da aldaketa horretarako atea ireki, bidea markatu eta aukera eman duena”, azaldu du Urkulluk.

“Euskararen Legea gogora ekartze hutsarekin burura datozkit segidan hainbat printzipio eta balore. Gure Herriaren aurrerabiderako ezinbestekoak: bizikidetza, berdintasuna, elebitasuna —elebitasun orekatu eta berdinkidea—, herritarren hizkuntza-eskubideak eta askatasuna, kohesio soziala, adostasuna” gaineratu du Urkulluk.

Buruzagi abertzalearen aburuz, “badugu, bai, zer hobeturik, adibide ugari daude. Bakarra aipatuko dut: kontsumitzaileen hizkuntz eskubideekin gertatutakoa. Egin dutena da egin behar ez denaren eredu. Ez da bidea, hizkuntz eskubideak bermatzerakoan murrizketak egitea. Ez da bidea, horrelako gauza bat adostasun zabalik gabe egitea, inorekin kontsultatu gabe, ez Euskararen Aholku Batzordearekin, ez Euskaltzaindiarekin, inorekin ez. Kontsentsua predikatu baina ez praktikatu. Ez da hori bidea”.

“Nolanahi ere, legeak eta arauak ez dira ahalguztidunak. Sendabiderik inon baldin badago, geu gara sendabidea. Azken hitza, inoiz baino gehiago, gizarte osoaren esku dago, gutariko bakoitzaren esku. Guztion esku. Egin nahi, egin ahal eta egiten dugunaren esku. Ez dut zalantza izpirik ere: aurrera egiten jarraituko dugu, adostasun zabal eta indarberrituan”, nabarmendu du Urkulluk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea