Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Anduezak Semperri: "Kongresuan nire ama hizkuntzan hitz egitea ez da inozoarena egitea"

PSE-EEko idazkari nagusiak gogor kritikatu ditu PPren diputatuaren adierazpenak, eta ganberan euskaraz, katalanez edo galegoz mintzatzeko aukera "polita eta garrantzitsua" dela nabarmendu. Azpimarratu duenez, ekimenak "ez du inbestidurarekin zerikusirik; zentzugabea da".

Andueza, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Andueza, elkarrizketaren une batean.
Andueza, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak gogor gaitzetsi egin ditu Borja Semper PPko euskal diputatuak atzokoan egindako adierazpenak. PPko bozeramaile eta Kultura eta Gizarte Irekiko idazkariordea ere badenak esan zuen bere alderdiak gazteleraz bakarrik egingo duela Kongresuan. "Ez dugu inozoarena egingo", bota zuen. Anduezaren aburuz, ulergaitza da ordezkari politiko batek halakoak esatea. "Kongresuan nire ama hizkuntzan hitz egitea ez da inozoarena egitea", nabarmendu du. 

Behe Ganberak hizkuntza koofizialak erabili ahal izateko araudiaren erreformari buruzko eztabaida abiatzen duen egunean, elkarrizketa eskaini du sozialisten buruak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Horren ustez, gaurkoa "oso egun pozgarria da" eta azpimarratu du ekimen "polit eta garrantzitsu hori herrialdearen aniztasun kulturalaren adierazle" dela. Hori bai, ohartarazi duenez, ez du Sanchezen balizko inbestidura batekin zerikusirik. "Zentzugabea da hori pentsatzea", erantsi du. 

Andoni Ortuzarrek bezperan adierazitako ondoeza ere hizpide hartu du Anduezak. EAJko buruzagiak ez zituen ondo hartu Anduezak politika orokorreko eztabaidan Jaurlaritzari egindako kritikak. PSE-EEko idazkari nagusiak, baina, garrantzia kendu die eta "herri honentzat dudan proiektua azaldu" baino ez zuela egin nabarmendu du. "PSE-EEk ahots propioa du, eta ozenago hitz egiten dugu tokatzen denean", azaldu du. Anduezaren iritziz, "batzuk ez daude ohituta kritikak jasotzera, edo beste batzuek urratsa markatzera". Dena dela, erabat baztertu du PSE-EE gobernutik ateratzearen aukera. Nabarmendu duenez, "desadostasunak publiko egitea erabat normala da". 

Azkenik, Sanchezen balizko inbestidura batekiko "baikorra" dela azpimarratu du. "Hori da jendeak nahi duena eta herrialde honek behar duena. Ez du merezi iraganera begiratzen duen gobernurik, edota eskubide eta askatasunak murriztea", defendatu du. Nolanahi ere, epeak errespetatu eta "Feijoori porrot egiten utzi" behar zaiola uste du. "Denbora galduarazi ostean, lanean jarriko gara".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Euskaraz Politika EAJ-PNV PP Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EAEko hauteskundeak Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza