Politika -
DIPUTATUEN KONGRESUA
Kongresuak gehiengo osoz onartu du ganberan hizkuntza koofizialak erabiltzea
Aldeko 180 boto izan dira. Aurrez, eskuinaren osoko zuzenketak baztertu ditu Behe Ganberak, eta EAJk erreformaren testuari aurkeztu dion zuzenketa partziala, aldiz, onartu. Hala, lege baten idatzizkio bertsio guztiek balio juridiko bera izango dute aurrerantzean.
EITB MEDIA
Espainiako Diputatuen Kongresuan euskara, katalana eta galegoa erabiltzea ahalbidetuko duen Ganberako Araudiaren erreforma onartu dute Behe Ganberan, gehiengo osoarekin (180 boto). Asteartean Osoko Bilkurak oniritzia eman zion ekimenari, eta atzo arratsaldera arteko epea zuten taldeek zuzenketak aurkezteko.
Kongresuko hizkuntza aniztasunaren alde bozkatu dute PSOE, Sumar, ERC, Junts, EH Bildu, EAJ, BNG eta CC taldeko kideek, baita Rosa Quintana PPren diputatu galiziarrak ere —'popularrek' diote nahastu egin dela bozkatzean—. Ifrentzuan, erreformaren kontrako 170 boto izan dira (PP, Vox eta UPN).
EAJk zuzenketa partziala aurkeztu du, eta Alderdi Popularrak eta Voxek, osoko zuzenketa bana testu alternatiboarekin. Horiek eztabaidatuz eman hasiera, 09:00etan, saioari. Hain justu, jeltzaleen zuzenketa onartu du Behe Ganberak (aldeko 178 boto izan ditu, eta PPko diputatuak abstenitu egin dira; Voxek kontra bozkatu du). PPren eta Voxen osoko zuzenketak, aldiz, baztertu egin ditu Kongresuko gehiengoak, 179 botorekin.
Jeltzaleek atzo baieztatu zutenez, Behe Ganberan onartzen diren legeak Estatuko hizkuntza ofizial guztietan "balio juridiko berberarekin" argitaratzea eskatu dute euren zuzenketan. Horrenbestez, aurrerantzean lege baten idatzizko bertsio guztiek, izan euskaraz, katalanez, galegoz edota gazteleraz, balio juridiko bera izango dute.
Zuzenketen eztabaidan, Joseba Agirretxea EAJko diputatuak ekimena defendatu du, euskaraz egin ere. Hain justu, une horretan PPko diputatuek ez dituzte entzungailuak jantzi, protesta gisa:
PPren eta Voxen osoko zuzenketak, baztertuta
Kongresuak atzera bota ditu eskuinaren osoko zuzenketak. PPk Kongresuko Araudia ez erreformatzea eskatu zuen, "erreforma orok Araudiaren Batzordearen onespena" behar duela argudiatuz. Hain zuzen, ganberan euskaraz hitz egitea "inozoarena egitea" zela esan eta biharamunean euskaraz hitz batzuk egin zituen Borja Semper diputatu popularrak hartu du hitza, oraingoan gazteleraz hutsean, eta berak defendatu du emendakina. Alderdi barrutik zein kanpotik kritika ugari iritsi zaizkio irundarrari herenegungo agerraldiagatik.
Vox ultraeskuineko alderdiak, berriz, besteak beste, araudiaren 15. artikuluan diputatu guztiak euren saioetan gaztelania erabiltzera behartuko dituen atal bat gehitzea eskatu zuen, batzordetan eta osoko bilkuretan parte-hartzeko duten derrigortasunarekin batera.