Politika -
NEGOZIAZIOAK
ERCk ziurtzat jo du amnistia eta orain "alde teknikoak" aztertzen ari direla azaldu du
"Alde teknikoak aztertzen ari gara, eta ez da erraza: alde politikoa bideratuta dago", zehaztu du alderdi independentista kataluniarrak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernu berri baterako alderdi independentista kataluniarren eta PSOEren arteko negoziazioak aurrera doazela azaldu du ERC alderdiak, eta segurutzat jo du amnistia legea onartuko dela. Are gehiago, zehaztu du legearen "alde teknikoak" aztertzen ari direla orain, zenbait "dokumentu elkar trukatuz".
Raquel Sans ERCko eledunak agerraldia egin du gaur eguerdian hedabideen aurrean eta berak eman ditu azalpenok. Adierazi duenez, amnistiaren legearen gaia bideratuta badago ere, "gatazka politikoak" hor jarraitzen du. "Benetako negoziazioa orain etorriko da: ez dugu ezer konpondu", gehitu du.
Sansen hitzetan, "erreferendum baterako bidea" zehazten hasteko ordua iritsi da, hori baita "benetako negoziazioa".
Partekatzen ari diren dokumentuen inguruan galdetuta, ez du xehetasunik eman eta ez du argitu zeintzuk ari diren horiek lantzen. Hori bai, ziurtatu du "elkarrizketak martxan" daudela, eta "proposamen ezberdinak" jarri direla mahai gainean.
Azken urteotan Espainiako Estatuak ezarri duen "errepresioaren amarauna" gainetik kentzea lortu izanak, "kontadorea zeroan" jarri du, Sansen aburuz, baina "gatazka baten inguruan negoziatu behar da, hori argi dago".