Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Aizpuruak uste du Sanchezen inbestidura lotzeko negoziazioa "azkarra" izan daitekeela

Feijooren inbestidura eztabaidari dagokionez, Alderdi Popularreko buruzagia "iraganari iltzatuta" ikusi zuela azpimarratu du EH Bilduko ordezkariak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan egindako elkarrizketan.

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramailea. Irudia: Euskadi Irratia
Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramailea. Irudia: Euskadi Irratia
Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramailea. Irudia: Euskadi Irratia

play icon 22:59

E. Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak uste du Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura lotzeko negoziazioa "azkarra" izan daitekeela, "ez garelako hutsetik abiatzen".

Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan egindako elkarrizketan, sozialistekin "lehendabiziko oinarriak" jarri dituztela azaldu du, baina oraingoz dokumenturik ez dutela elkar trukatu argi utzi du. Aizpuruaren esanetan, "kontaktuak etengabe" izan dira, besteak beste, Diputatuen Kongresuko Mahaia osatzeko, baina berez inbestidurarako negoziazioa ez da hasi.

Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiaren inbestidura eztabaidari dagokionez, Alderdi Popularreko presidentegaia "iraganari iltzatuta" ikusi zuela azpimarratu du EH Bilduko ordezkariak. "Feijoo eta PP ultraeskuinarekin erabat lerrokatuta ikusten ditut", erantsi du.

Aizpuruaren ahotan, osoko bilkura "nahiko bortitza" izan zen atzokoa. Nahiz eta Feijook bere hitzaldiari "ironia puntu" bat sartu ziola onartu, horren atzean "eraso pertsonalak" ezkutatu zituela salatu du EH Bilduko bozeramaileak. "Maila antzua erakutsi zuen", gaineratu du.

Era berean, PPko hautagaiak "txisteen artean, erasoak, irainak eta gezur borobilak" uztartu zituela kritikatu du Aizpuruak, eta hori "onartezina" iruditzen zaio. Zentzu horretan, "ordaina izatea" espero du.

Bestalde, datorren legealdia Estatu mailan eztabaida nazionala "behingoz" zabaltzeko baliatu behar dutela uste du EH Bilduko ordezkariak. Horrela, lurralde auziari heldu behar zaiola adierazi eta "PSOE horren kontziente" dela erantsi du. Hala ere, pausoak "pixkanaka-pixkanaka" eman behar direla ohartarazi du, "gai konplexua delako, erpin askokoa".

Gainera, erabakitzeko eskubidearen inguruan, Espainiako Estatuan "pedagogia demokratiko handia" egin beharra dagoela nabarmendu du Aizpuruak, orain arte "anatema" bat izan delako. Horregatik, Kataluniako indar independentistek erreferendumaren gaia inbestiduraren negoziazioan planteatzea "akatsa ez" dela argi utzi du: "inola ere".

Azkenik, "parez pare irekitzen zaigun aukeran, sekula ez delako honelako testuingururik izan, zuhurtzia eta ardura" eskatu die PSOEri, ERCri, Juntsi eta baita EH Bilduri ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Berriak Politika Espainia Pedro Sánchez EH Bildu Gaurko titularrak Albisteak Euskadi Irratia Alberto Núñez Feijóo