Politika -
Justizia Saileko kontratuak
'Ez ikusiarena ez eginda' egoki jokatu zuela uste du Jaurlaritzak
Justizia Saileko ustezko kontratu irregularren auzia artxibatu du fiskalak, eta erabakiari men egiten diola esan du Jaurlaritzak.
Erredakzioa
Justizia Saileko ustezko kontratu irregularren auzia artxibatzeko erabakia hartu du fiskalak, eta erabaki horri men egiten diola esan du Eusko Jaurlaritzak. Dena den, 'ez ikusiarena ez eginda' egoki jokatu zuela uste du Patxi Lopezen Exekutiboak, eta fiskalak ''kontrol lan zorrotza goraipatzeko modukoa'' izan dela azpimarratu izana gogora ekarri du.
Idoia Mendia buru duen Sailak Fiskaltzaren esku jarri zuen 2000 eta 2009 bitartean Justizia Sailak egindako ustezko zenbait kontratu irregular. Joseba Azkarraga (EA) zuen garai hartan Sailak buru, eta guztira, 23 milioi euroko kontratuak ziren.
Astelehen honetan, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak auzia artxibatzeko agindua eman du, ez baitu delitu zantzurik ikusi.
Erabakiari men egiten diola esan du ondoren Jaurlaritzak, ohar baten bidez, baina 'ez ikusiarena ez eginda' eta fiskalari txosten horiek igorrita egoki jokatu zuela uste duela azpimarratu du. Halaber, Fiskalak egungo Justizia Sailak gastuari dagokion kontrol sakon eta zehatza egin dela goraipatu izana azpimarratu du Jaurlaritzak.
''Beste batzuek ez bezala'', egungo Gobernuak ez dituela irregulartasunak tipifikatu eta ez duela salaketa ''inorengana'' bideratu azpimarratu du Jaurlaritzak ohar horretan.