Politika -

Batasun mezua

Erkidegoetako PPko 'baroiek' diputatu kopurua murriztuko dute

Esperanza Aguirre Madrileko presidenteak azaldu duenez, “beharrezkoa” da Autonomia Estatua berraztertzea. Mariano Rajoyk eta haren erkidegoetako 'baroiek' batasun mezu bat helarazi nahi izan dute.

Rajoy eta PPko bere 'baroiak' bilera baino lehen. Argazkia: EFE
Rajoyk PPko baroiak bildu ditu Genovan, elkartasuna irudikatzeko

00:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Autonomietako PPko presidentek astelehen honetan Mariano Rajoy Gobernuko presidentearekin egindako bileran autonomietako diputatu kopurua jaisteko konpromisoa hartu dute. Halaber, estatu mailan bikoiztuta dauden erakundeak ezabatuko dituztela adierazi dute.

Lau ordu baino gehiago iraun duen bileran, lurraldeetako PPko ‘baroiek’ defizit helburuarekin duten konpromisoa berretsi dute, eta 2012an % 1,5ekoa izatera helduko dela nabarmendu dute. Rajoyren Gobernuaren erreformak babesten dituztela gaineratu dute.

Besteak beste, susperraldi ekonomikoarekin, enplegua sortzearekin, krisitik irtetearekin eta Espainiaren kreditua onbideratzearekin duten konpromisoa berretsi dute, PPk ohar batean azaldu duenez.

Batasun mezua

Mariano Rajoy Gobernuko presidentea eta autonomia erkidegoetako PPko presidenteak prentsaren aurrean azaldu dira familia-argazki bat egiteko. Irudi honen bitartez, batasun mezu bat helarazi nahi dute egiten ari diren murrizketen aurrean. Halaber, defizit publikoaren murrizketarekin duten konpromisoa berretsi dute.

Argazki honetan, Rajoyrekin batera, honako hauek izan dira: Esperanza Aguirre Madrileko presidentea, Maria Dolores Cospedal PPko idazkari nagusia, Luisa Fernanda Aragoiko presidentea, Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidentea, Ramon Luis Valcarcel Murtziako presidentea, Pedro Sanz Errioxakoa, eta Juan Vicente Herrera Gaztela eta Leongoa.

Bigarren ilaran, besteak beste, ondorengo hauek ikus daitezke: Jose Manuel Soria Kanariar Uharteko presidentea eta hango Industria ministroa, Alberto Fabra Valentziako presidentea, Ignacio Diego Kantabriako presidentea eta Javier Arenas, Esteban Gonzalez Pons eta Carlos Floriano alderdiko hiru idazkariordeak.

Aguirrek esan du Autonomia Estatua berraztertu behar dela

Esperanza Aguirre Madrileko presidenteak azaldu duenez, "beharrezkoa" da Autonomia Estatua berraztertzea, eta "ezin da azterketa hori atzeratu", gaineratu du.

Madrilen defizitaren % 0,7ko helburua lortzeko murrizketa berriak egitea beharrezkoa izango ote den galdeginda, Aguirrek erkidegoak "besteek bezala" bete egin behar duela nabarmendu du, baina kasu horretan "legeetan erreformak" egin beharko direla gaineratu du.

Basagoitik esan du batera lan egingo dutela

Antonio Basagoiti Euskadin PPko presidente denak azaldu duenez, PP buru den autonomia erkidegoetako buruetan eta Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen bileran inork ez du iritzi ezberdinik nabarmendu, eta "guztiek" batera lan egiteko konpromisoa hartu dute herrialdea aurrera ateratzeko.

Basagoitik azaldu duenez, "krisi ekonomikoagatik Espainian dagoen zailtasunaren aurrean" buru guztiek "defizita murriztea babestu dute, gaizki pasatzen ari den jende asko dagoelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea