Politika -
Sozialistak
Eneko Andueza, Lehendakaritzarako hautagai bakarra PSE-EEren barne-hauteskundeetan
Euskadiko sozialisten idazkari nagusiak dokumentazioa entregatu du, eta orain militanteen % 6ren babesa lortu behar du, gutxienez, hautagai izateko. Anduezak asteazkena (15:00) du epemuga abalak aurkezteko, eta urriaren 20an behin betiko hautagai izendatuko dute.
EITB Media
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia izango da Lehendakaritzarako hautagai bakarra bere alderdiak abiatutako barne-hauteskundeetan, Alderdi Sozialistak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Aurreikusitako epearen barruan (15:00etan amaitu da), alderdiko Hauteskunde Bermeen Batzordean hautagaitza bakarrak eman du izena, Anduezarenak, PSE-EEren lehendakarigaia aukeratzeko.
Euskadiko sozialisten idazkari nagusiak gaur goizean entregatu ditu beharrezko agiriak, eta orain, prozesuaren deialdiaren oinarrien arabera, erroldan erregistratutako militanteen % 6ren babesa lortu behar du, gutxienez, hautagai izateko. Anduezak urriaren 18ko (asteazkena) 15:00ak baino lehen aurkeztu beharko ditu abalak, eta urriaren 20an behin betiko hautagai izendatuko dute.
Hautagaitza bakarra behin betiko aldarrikatzen bada, oinarriek ezartzen dute PSOEko Hauteskunde Bermeen Batzordek pertsona hori izendatuko duela PSE-EEren Lehendakaritzarako hautagai.
"Ilusioz gainezka, Lehendakaritza lortzeko proiektu sozialistaren buru izateak dakarren erantzukizunaz jabetuta, ofizialki aurkeztu dut nire hautagaitza", adierazi du Anduezak X sare sozialean.
"Euskadik aro berri bat irekitzea merezi du, anbizio handiarekin eta aurrerapauso gehiagorekin, azkar aldatzen den errealitateari erantzun ausartekin, justizia sozial gehiagorekin eta berdintasun gehiagorekin", aldarrikatu du buruzagi sozialistak. "PSE-EE prest dago lan hori aurrera eramateko", erantsi du.