Politika -
EAE-KO HAUTESKUNDEAN
Iñigo Urkulluk adierazi du EAEko hauteskundeei begira "Madrilgo zarata politikoa" saihestu nahi duela
Halaber, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du ez duela "datarik buruan" hauteskundeak egiteko, eta "hainbat aukera" daudela mahai gainean. Horregatik, egiten diren "espekulazioekin" kontuz ibili behar dela iritzi dio.
EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du ez duela "datarik buruan" EAEko hauteskundeak egiteko. Hala, eta "lehentasunezko aukerarik ez" duela ziurtatu ostean, nabarmendu du "Madrilen dagoen zarata politikoa alde batera utzita" ospatzea gustatuko litzaiokeela.
Lehendakariaren arabera, "aukerak askotarikoak dira"; izan ere, legegintzaldia amaitu bitartean dauden egun guztiak aukera gisa jarri ditu. Zentzu horretan esan du ez diola inorik mesederik egiten "espekulazioekin" aritzea.
Hitzok esan ditu ostegun honetan Japoniara egin duen bisita batean, aldebiko harremanak ikusarazteko eta areagotzeko eta Asiako herrialdean "Euskadi Basque Country" marka sustatzeko.
Bien bitartean, gaur goizean Itxaso Atutxa BBBko buruak ETB2ko Egun On Euskadi saioan adierazi duenez, hauteskundeak martxoan egitea "ez litzateke aukera txarra izango". Atutxa bat dator Urkullurekin, esan baitu, Europakoekin bat egiten duenez, eztabaida Madrilgo polarizazioan zentratu daitekeela.