Politika -

INBESTIDURA

Sanchezek babes berririk jaso gabe amaitu du inbestidurarako bilera sorta

EH Bilduk berretsi du hautagai sozialistaren aldeko botoa emateko prest jarraitzen duela, baina Miriam Nogueras Juntsen diputatuak esan du oraindik urrun dagoela akordiorako "konpromiso historikoa".

Sanchez, Miriam Nogueras Juntsen diputatuarekin. Argazkia: Efe
Sanchez, Miriam Nogueras Juntsen diputatuarekin. Argazkia: Efe
Sanchez, Miriam Nogueras Juntsen diputatuarekin. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren jarduneko presidente eta PSOEren buruak gaur amaitu du inbestidura lortzeko bilera-sorta, eta ez du eskuratu babes berririk, aurreko legegintzaldiko ohiko bazkideez harago. Orain negoziazio gogorrari ekin beharko dio Kongresuaren gehiengoaren babesa eskuratzeko, bereziki Juntsekin.

Sanchezek Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramailearekin eta Miriam Nogueras Junts per Catalunyako ordezkariarekin itxi du bilera erronda.

Batzar esanguratsuak izan dira, lehenengo aldiz elkartu baita presidentea ofizialki bi alderdiekin, baina PSOEk ez du hitz egindakoaren inguruko informaziorik zabaldu.

Koalizio independentistak berretsi du hautagaiari babesa emateko moduan dagoela, eta legegintzaldi honetan "berriro elkarlanean" aritzeko prestutasuna agertu dio.

Juntsek, berriz, esan du urrun dagoela akordiorako "konpromiso historikoa". Alderdi horren botoak beharrezkoak ditu Sanchezek Espainiako Gobernuko presidente izateko.

ERCk bezalaxe, Juntsek amnistia eta Kataluniaren autodeterminazio erreferendumerako urratsak egitea eskatzen du.

Sozialistek ez dute kontsulta hori aurreikusten, baina 'proces'eko zigortuentzat mesedegarriak izango liratekeen neurriak hartzeko prest agertu dira, nahiz eta azpimarratu guztia Konstituzioaren barruan egingo dutela.

Sánchez con la representación de EH BIldu. FOto: Efe

Sánchez con la representación de EH BIldu. FOto: Efe

Oriol Junqueras ERCren buruzagiarekin Sanchezek telefonoz izan zuen elkarrizketa izan da inbestidurarako bilera sorta honen berrikuntza nagusia. Alderdi guztiekin bildu da, Voxekin izan ezik.

Espainiako erregeak inbestidurarako babesak bilatzeko agindua eman ostean, urriaren 4an Yolanda Diaz Sumarren buruzagiarekin elkartu zen, eta urria amaitzerako koalizio gobernua osatzeko akordioa itxita edukitzea adostu zuten.

Sanchezek ez du babes berririk lortu, baina Alberto Nuñez Feijoo PPko buruaren eta Alberto Catalan UPNko diputatuaren ezezkoak berretsi ditu. Coalicion Canariako Cristina Validok iragarri zuen "asko jota abstenitu" egingo zela, baina negoziazioen emaitzen araberakoa izango dela bere azken erabakia.

Bestalde, PSOEk aurreko legegintzaldian izan dituen bazkide guztiek erakutsi dute Sanchezi babesa emateko prestutasuna, xehetasunak gorabehera.

Legegintzaldi akordioa

Kongresuko taldeekin inbestidurarako akordioa ixteaz gain, legegintzaldi osorako adostasun bat lortzea da PSOEren asmoa, tartean aurrekontuak onartzeko. Horretarako, astelehenetik aurrera negoziazioak bizkortuko ditu zazpi pertsonak osatuko duten talde batekin; Maria Jesus Montero, Felix Bolaños, Pilar Alegria eta Santos Cerdan izango dira horien artean. Kataluniarekin lotutako gaietarako, Salvador Illa PSCko buruarekin koordinatuko omen du negoziazioa.

PSOEk hitzeman du gardentasunez jokatuko duela inbestidurarako akordioa lortuz gero, baina oraindik ez dago bozketa horretarako datarik, eta azaroaren 27a da epemuga hauteskundeak errepikatu behar ez izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont ERC Junts per Catalunya