Politika -

Erraustegia

Jose Ignacio Asensio: "Ezin dira GuraSOS bezalako taldeak erabili oposizioa egiteko"

GuraSOS plataformak astelehenean jakinarazi zuenez, Asensio ikertu egingo dute Zubietako erraustegiaren kudeaketari lotuta. Jasangarritasun diputatuak esan du ez duela "ez epaitegiaren ez Fiskaltzaren jakinarazpenik" jaso.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasun diputatu eta GHKko presidentea. Irudia: EITB
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasun diputatu eta GHKko presidentea. Irudia: EITB
Jose Ignacio Asensio: ''Ez dugu salaketarik jaso momentuz''

0:45

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Jasangarritasun diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente Jose Ignacio Asensio sozialistak adierazi duenez, "politikan denak ez du balio, ezin dira GuraSOS bezalako taldeak erabili erabat eredugarria den eta, benetan, beste lurralde batzuen inbidia pizten duen instalazio baten aurka egiteko".

GuraSOS plataformak astelehenean ohar baten bidez jakinarazi zuenez, Asensio ikertu egingo dute Zubietako erraustegiaren kudeaketari lotuta. Hala ere, Jasangarritasun diputatuak gaur adierazi duenez, gaurdaino ez du "ez epaitegiaren ez Fiskaltzaren jakinarazpenik" jaso. "Ezagutzen dugun gauza bakarra komunikabideek argitaratu duzuena da", gaineratu du.

Horregatik, "bolo-bolo dabilen" informazioa GuraSOSen prentsa-oharra "baino ez" dela uste du. "Beraz, ez dugu iritzirik emateko", azpimarratu du.

Asensiok nabarmendu du, eginbide horiek izanez gero, "ahalik eta lasterren" izan nahi duela haien berri, iritzia eman ahal izateko.

Bestalde, GHKko presidenteak uste du "deigarria" dela GuraSOS izatea "beste behin ere, salaketa aurkezten duena". Zentzu horretan, Asensiok 40 salaketa baino gehiago egin direla gogorarazi du. "Guztiak Partzuergoak eta GHKk irabazi dituzte, eta, kasu honetan, ziur nago emaitza bera errepikatuko da", esan du.

Gainera, diputatuak langile publikoen eta GHKko arduradunen "profesionaltasuna eta lan ona" defendatu ditu: "Zalantza guztietatik kanpo dago". "Instalazio hauek erabat eredugarriak dira, eta Estatuko zein atzerriko administrazioak bisitatzen ari dira. Espainiako daturik onenak ditugu, bai birziklatzeari dagokionez, bai hondakinen kudeaketari dagokionez", erantsi du. Azpimarratu du Gipuzkoa dela hiri-hondakinen kudeaketan zabortegirik erabiltzen ez duen "Espainiako lurralde bakarra".

Azkenik, "erantzukizun pixka bat" eskatu du, "oposizioa Batzar Nagusietan eta beste esparru batzuetan egiten delako".

Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak bere alderdikidearen gestio "bikaina" defendatu du. Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egin dioten elkarrizketan, "erabateko konfiantza" agertu du Asensioren "errugabetasunean" eta justizian. Gaineratu duenez, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidentea ere badenak bere burua defendatzeko aukera izango du erraustegiaren kudeaketagatik ikertua izango den neurrian. Hortaz, "erabateko lasaitasuna" azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia