Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Zupiria, greben harira: "Borondate bat dago ikusarazteko kaos eta katastrofe batean bizi garela"
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, hauteskunde kutsu nabarmena dute deialdiek. Euskararen kontrako azken epaiak hizpide, Zupiriak esan du "zalantza" sorrarazten diola "prozesu judizialek berme guztiak" ote dituzten.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, datozen egun eta asteetarako deituta daude grebek hauteskunde kutsua dute, "hemendik eta maiatzera arte" mobilizazioak deituta daudela gogorarazita. Kritikatu duenez, "badago borondate edo nahi bat dago ikusarazteko kaos eta katastrofe batean bizi garela", eta halakorik dagoela ukatu du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Iñigo Urkulluren iritzi artikulua izan du hizpide eledunak. Zupiriak uste du "datuei begiratzea" komeni dela, Jaurlaritza "zerbitzu publikoak hondatzen eta pribatizatzen" ari dela defendatzen duen "estrategiaren" aurrean. "Gu ez gara bizi kaos eta katastrofe bat den gizarte batean", azpimarratu du.
EAEko Auzitegi Nagusiak euskararen kontra emandako azken bi epaien harira, salatu du "bultzada politikoa" egon dela errekurtsoak PPk eta Voxek aurkeztu dituztelako, eta horrek gaiaren "larritasuna" areagotzen duela. Gainera, "zenbait sententzia irakurrita, ikus daiteke argudio edo arrazoibide ez oso arrazoizkoak daudela atzean", erantsi du. Horren ildoan, nabarmendu du agian "egokia izan daitekeela ikustea Aginte Judiziala antolatuta dagoen modua den egokiena gure egoerari erantzuteko, bai lurralde antolaketari eta beste hizkuntza ofizialen kontu honi". Izan ere, azken epaiek "zalantza" sorrarazi diote "prozesu judizialek berme guztiak" ote dituzten.