Politika -
Polemika
NaBaik interes pribatuen alde egitea leporatu dio Barcinari
Nafarroako gobernuak Osasuna futbol elkarteari eta Nafarroako Unibertsitateko Donapea proiektuari mesede egin izana salatu du NaBaik.
NaBai hainbat lege ekimen Nafarroako legebiltzarrera eramatea aztertzen ari da, UPNren gobernua elkarte pribatuekiko edukitzen ari den jarrera salatzeko. Koalizioaren ustez, onartezina da Barcinaren gobernua Osasunari eta Nafarroako Unibertsitateko Donapea proiektuari ematen ari zaion babesa. Heuren ustez, horrek agerian uzten du legea ez dela verdina denentzat.
NaBaiko Xabi Lasa, Juan Carlos Longas eta Txentxo Jimenezek egin dituzte adierazpenak. Azken honek esan du, oposizioko taldeetan akordioak lortu nahi dituztela Barcinaren politikei aurre egiteko.
Osasuna futbol elkarteari dagokionez, NaBaik adierazi du elkarteak berak ordaindu behar duela 28 milioi ingurutako zorra Foru Ogasunari eta ez gobernuak nahi duen bezela, urteko 1,4 milioiko laguntzarekin. Hori guztia kontraesan legal bat dela gaineratu du.
Juan Carlos Longasek Donapeako PSISari buruz hitz egin du, Miguel Sanz lehengo presidenteak sinatu zuen proiektua. Halaber, Nafarroako Unibertsitatearen interes pribatua interes publikoaren gainetik gailendu dela argi dagoela nabarmendu du.
Haren ustez, Unibertsitatearen kanpusa nahiko zabala da Lanbide Heziketako eta ikerketako eraikuntza berria bertan jartzeko; beste leku bat ere aurkitu daitekeela gaineratu du, baina Donapean jartzeak ez duela arrazoirik dio, leku horrek ez duelako nahikoa zabalerarik, eta prezio garestia duelako.