Politika -
IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Haize eta olatu denboralea, Pedro Sanchezen inbestidura eta urriko langabezia datuak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, azaroak 3, hedabideetako lerroburu nagusiak:
-Haize eta olatu denboralea: Asteazkenetik Euskal Herria astintzen ari den haize eta olatu denboraleak bazterrak nahasten jarraituko du, gutxienez, larunbata arte. Izan ere, beste depresio baten eraginpean egongo gara asteburuaren hasieran, eta beste alerta laranja bat ezarriko dute bihar haize bolada gogorrengatik (120 km/h-tik gorakoak). Halaber, itsasaldeko arriskuagatik, abisu horia ere aktibatuko dute.
-Pedro Sanchezen inbestidura: Kataluniarrek Pedro Sanchezen inbestidura babesteko, ERCk eta PSOE akordioa erdietsi dute ostegun honetan; amnistiaren legeaz gain, PSOEk eta ERCk hitzartu dute negoziazio mahaiarekin jarraitzea, Rodalies (aldirietako trenak) guztiz eskualdatzea eta Likidezia Funts Autonomikoaren zati bat barkatzea, 15.000 milioi euro. Orain sozialisten eta Juntsen artean ari dira garatzen negoziazioa. Talde katalanaren asmoa da itun "globala" bilatzea, gatazkaren konponbidea, amnistia eta autodeterminaziorako oinarriak bilduko dituena.
-Urriko langabezia datuak: Ostiral honetan jakinaraziko dira urriko langabeziaren datuak. Irailean, Euskal Autonomia Erkidegoan 2008ko irailetik izandako daturik onenak erregistratu ziren afiliazioari eta langabeziari dagokienez. 2022ko hilabete berarekin alderatuta, 4.955 langabe gutxiago zeuden EAEn, hau da, urte arteko % 4,44ko jaitsiera. Nafarroan, 2022ko hil beraren aldean, 1.882 langabe gutxiago izan ziren, % 6,03.