Politika -
IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Sanchezen inbestidura, Data Center Euskadi eta Israel-Hamas
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, azaroak 6, hedabideetako lerroburu nagusiak:
-Sanchezen inbestidura: Sanchezen inbestidurarako negoziazioetan murgilduta jarraitzen dute Juntsek eta PSOEk. Jordi Turull Juntseko idazkari nagusia Bruselara joan da igande honetan, eta Pedro Sanchezen inbestidura "gertuago" dagoela esan du sozialisten zuzendaritzak. Alderdi horrek, halaber, bere militanteen gehiengoak akordioei emandako babesa nabarmendu du. Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko PSOEren eta Juntsen arteko akordioa lortzear zirela zirudien ostegunean, baina aurreikuspenak hoztu egin ziren. Ostiralean beste bilera bat egin zuten, Bruselan, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Junts alderdiko eurodiputatuak, Pedro Sanchezen inbestidura bermatuko zuen akordio bat ixten saiatzeko, baina bilera hori ere akordiorik gabe amaitu zen.
-Data Center Euskadi: Gaur jarriko dute Data Center Euskadi proiektuaren lehen harria. Egitasmo teknologiko eta industrial hori informazio zerbitzuen segurtasunean, erabilgarritasunean, konektibitatean eta jasangarritasunean dago oinarrituta. Euskaltelek, Teknei taldeak, Dominionek eta Eusko Jaurlaritzak sortu dute, eta lehen mailako datu zentro bilakatu nahi dute, Euskadiko enpresen eta erakundeen garapen digitala babeste aldera.
-Israel-Hamas: Gaza bi zatitan banatzea lortu dutela esan du Israelgo Armadak. Presioei entzungor eginez, ez dela su-etenik izango esan du Netanyahuk. Hamasek bahituak askatu arte ez dituela erasoak geldituko berretsi du Israelgo buruak. Eraso oso gogorrak egin ditu azken orduetan Israelek, eta ospitaleen inguruan bonbardatzea justifikatu du.