Politika -
INBESTIDURA
Inbestiduraren astea: 112 egun negoziatzen 179 boto eskuratzeko
Pedro Sanchez PSOEko buruzagiaren inbestidura saioak badu data: asteon izango da, hilaren 15ean eta 16an (asteazken eta osteguna), Francina Armengol Diputatuen Kongresuko presidenteak gaur jakinarazi duenez.
EITB Media
Uztailaren 23an hauteskunde orokorrak egin zirenetik 16 aste edo 112 egun igaro direnean, Espainiako Gobernua oraindik ez da osatu, baina hasi berri den astean (azaroaren 15ean eta 16an) Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izendatuko dute, Francina Armengol Diputatuen Kongresuko presidenteak gaur jakinarazi duenez.
Negoziazio gogorren ostean, Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak berriro ere gobernuburu izateko botoak ziurtatuta ditu: PSOE (121), Sumar (31), ERC (7), Junts (7), EH Bildu (6), EAJ (5), BNG (1) eta Coalicion Canaria (1). Gauzak horrela, Pedro Sanchezek gehiengo osoa gaindituko du, 179 boto guztira, eta, hortaz, lehendabiziko bozketan izendatuko dute presidente.
Kronologia
-Uztailak 23: PP da alderdi bozkatuena Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, 137 eserleku eskuratuta, baina ez du gehiengo osorik lortu, ezta Voxen (33) babesarekin ere. Ezkerreko blokeak gobernu aurrerakoia berriro osatzeko aukerari eusten dio.
-Abuztuak 17: Legealdi berria hasi da.
-Abuztuak 23: Felipe VI.a Espainiako erregeak Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea proposatu du inbestidura saiora joateko.
-Irailak 27 eta 29: Feijooren inbestiduraren porrota.
-Urriak 3: Felipe VI.a Espainiako erregeak Pedro Sanchez (PSOE) proposatu du inbestidurarako.
-Urriak 10: EH Bilduk Pedro Sanchez babestuko duela baieztatu du.
-Urriak 24: PSOEren eta Sumarren arteko akordioa Espainian koalizio gobernu "aurrerakoia" osatzeko.
-Azaroak 2: ERCk eta PSOEk inbestidurarako akordioa itxi dute.
-Azaroak 9: Juntsek eta PSOEk Sanchezen inbestidura desblokeatzen duen akordioa sinatu dute.
-Azaroak 10: PSOEk eta EAJk Pedro Sanchez presidente izendatzeko akordioa itxi dute.
-Azaroak 10: PSOEk eta Coalicion Canariak akordioa itxi dute.
-Azaroak 13: Armengolek azaroaren 15 eta 16rako iragarri du inbestidura saioa.