Politika -

Polizia operazioa

Iñaki Imaz ETAko ustezko kidea atxilotu dute, Iparraldean

Atzemandakoak ihes egin zuen 2007an, eta bilatuenen zerrendan zegoen 2010etik. Donosti taldearekin lotzen dute. Paueko apelazio-auzitegian hitz egingo du arratsaldean Imazek.

Iñaki Imaz Munduate ETAko ustezko kidea. EITB
Iñaki Imaz Munduate ETAko ustezko kidea. EITB
Iñaki Imaz ETAko ustezko kidea atxilotu dute, Hendaian

00:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak Iñaki Imaz Munduate ETAko ustezko kidea atxilotu du gaur goizean Ipar Euskal Herrian, Espainiako Barne Ministerioak baieztatu duenez.

Polizia operazioa Chemin de Sopiten egin dute, Hendaian, 11:45ean.

Atxilotutakoak ihes egin zuen 2007an, eta terrorista bilatuenen zerrendan zegoen 2010eko martxotik. ETAn sartu ei ziren Segiko beste hainbat buruzagirekin batera gaineratu zuten zerrendan, hain zuzen ere.

Auzitegi Nazionalak bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua emana zuen.

Paueko apelazio-auzitegian hitz egingo du arratsaldean Imazek, Espainiak jarritako euro aginduaren berri emateko. Auzitegi Nazionalak bere aurka jarritako atxilotze aginduaren berri eman ostean, espetxean sartuko duten ala ez erabakiko dute eta Espainiara eramateko prozesua hasiko da.

Terrorismoaren aurkako borrokaren iturriak aipatuta Europa Press agentziak jakinarazi duenez, Imaz Munduate Donostia taldearekin eta 'Zutabe'ekin (ETAren barne aldizkaria) lotzen dute.

Iturri berberek azaldu dute Imaz Irlandan ezkutatuta zegoela, baina duela egun gutxi Ipar Euskal Herrira itzuli zela. Horrenbestez, ETAren arrastoa Erresuma Batuan eta Irlandan kokatu da berriro, azken asteetan hainbat atxiloketa egin baitituzte bertan.

Dagoeneko ETAko ustezko 19 kide atxilotu dituzte aurten. Atzemandako azkena Beñat Atorrasagasti Ordoñez izan zen. Uztailaren 13an atxilotu zuten, Eskozian.

ETAren zuzendaritzara sarbidea zuela dio Barne Ministerioak

Barne Ministerioaren arabera, Iñaki Imaz Munduate ETAren "aparatu politikoaren" kide zen eta zuzendaritzara sarbidea zuen, baita Frantziako hegoaldeko ezkutuko egituretara ere.

2011ko urriaren 20an ETAk jarduera armatua behin-betiko amaitu zuela iragarri zuenetik egon diren komunikatu anitzetan parte hartu izana ere leporatu dio Barne ministroak. Halaber, Donostiako Errotaburu auzoko lokal batean "zutabeak" egitea leporatu dio.

Ezker abertzaleak Imazek bizitza publikoa egiten zuela dio

Ezker abertzaleak Iñaki Imaz ETAko ustezko kidearen atxiloketa kritikatu du, eta "bizitza publikoa" egiten zuela nabarmendu da, baina, halere "Espainiako agintariek atxilotzea erabaki dutela eta atxiloketa polizia operazio arrakastatsua bezela saldu dutela esan du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea