Politika -
Inbestidura saioa
Aldeko 179 botorekin, inbestidura gainditzeko itxaropena du Sanchezek, agertoki tirabiratsu baten ondotik
Sanchezek berak emango dio hasiera gaurko saioari, eta, aurreikusitakoaren arabera, luze joko du haren berbaldiak, ez baitu denbora mugarik izango. Gainerako taldeek handienetik hasita hartuko dute hitza, eta ostegunean egingo dute bozketa.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko Presidentetzarako bidea zabalduko du inbestidurako eztabaidak. Pedro Sanchez hautagaiak hasiko du, hain zuzen ere, gaurko saioa, 12:00ak jota. Ondoren, talde parlamentarioen ordezkarien hizketaldiak iritsiko dira, handienetik hasita.
Oraingoan, aurrez aurre izango dira Sanchez eta Alberto Nuñez Feijoo, PPko buruaren "saiakera antzuan" ez bezala.
Aurreikuspenak betez gero, luze joko du Sanchezen agerraldiak, ez baitu denbora mugarik, eta nahi beste aldiz hartu baitezake hitza. Gainerako ordezkariek, ordea, 30 minutuko tartea izango dute, Sanchezen mintzaldia bukatu eta Presidentetzak ezarritako etenaldiaren ostean.
Zaila da jakitea lehen bozketa noiz egingo duten, baina, itxura guztien arabera, botazio horretan izendatuko dute Sanchez presidente, gehiengo osoa lortuko omen duelako. Ikusteko dago, halaber, noiz helduko den euskal taldeen txanda, baina litekeena da ostegunera arte ez izatea (egun horretan 09:00etan hasiko da eztabaida).
Sanchez presidente inbestitu ondoren, Kongresuko presidente Francina Armengol Zarzuelara joango da Felipe VI.ari presidentearen izendapenaren berri emateko.
Inbestidura, urratsez urrats
Esan bezala, Sanchezek abiatuko du eztabaida saioa. Gobernu programa aurkeztu, eta Kongresuaren babesa bilatuko du lehen diskurtsoan. Behin esan beharrekoak esanda, talde parlamentarioetako ordezkariek egingo dute berba, eta ostegunean, eztabaida amaitzen denean, lehen bozketa egingo dute.
Banan-banan deituko dituzte diputatu guztiak, alfabetikoki, ausaz hautatutako kongresukokide batengandik hasita. "Bai", "Ez" edo "Abstentzioa" izango dute aukeran boto-emaileek. Lehen bozketa honetan, hautagaiak gehiengo osoa —176 diputaturen babesa— beharko du presidente izenda dezaten.
Berez, aldeko 179 boto ditu ziurtatuta Sanchezek. Hiru hilabeteko negoziazio luzeei esker lortu ditu boz horietako asko, baina, aurreikusitako agertokia lausotuko balitz, alegia, gehiengo osoa lortuko ez balu, bigarren bozketa bat deituko lukete azaroaren 18rako. Bigarren botazio horretan, Sanchezek nahikoa luke gehiengo sinplearekin, hots, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izatearekin.
Gauzak modu batean edo bestean gertatu, azaroaren 27rako bukatu behar da prozesua. Hala, ez balitz, Gorteak desegingo lituzkete, epe hori agortuta, eta berriz hauteskundeak deitu 2024ko urtarrilaren 14rako.
Amnistiak ardaztuko du eztabaida
Behin Sumarrekin koalizio gobernurako ituna eginda, eta ERCren, Juntsen, EH Bilduren, EAJren, BNGren eta Coalicion Canariaren babesa bermatuta —179 diputatu, gehiengo osoa baino hiru boto gehiago—, diputatuen konfiantza bereganatzeko arrazoibideak emango ditu Sanchezek.
Amnistiaren legearen ingurukoa izan da uztailean abiatu zuten bide nekezean itxi behar izan dituzten itunetatik "iskanbilatsuena".
Iragan astean, PSOEk eta Juntsek korapiloa askatzea lortu zuten, sozialisten Antolakuntza idazkari Santos Cerdanek Bruselan bost egun negoziatzen eman ondoren. Belgikako hiriburuan bildu zen Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiarekin.
Segurtasun neurri zorrotzak
1.600 agentek baino gehiagok osatuko dute segurtasun dispositiboa, Barne Ministerioko iturrien arabera. Amnistiaren eta indar independentistekin egindako itunen aurkako protestek Espainiako Estatuko hainbat hiri hartu dituzte egunotan.
Presidente, hirugarrenez
Nolanahi ere, ostegun honetan Sanchez hirugarrenez presidente izendatzea da gertagarriena. Duela bost urte iritsi zen Moncloara estreinakoz, Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiaren aurkako zentsura mozioa gaindituta. Urtebete geroago, 2019an, hauteskundeak irabazi zituen, eta Unidas Podemosen botoak batu, koalizio gobernua osatzearen truke.