Politika -

Kontrol judizialpean

Frantziak aske utzi du Iñaki Imaz ETAko ustezko kidea

Paueko apelazio-auzitegian hitz egin du ETAko ustezko kideak. Gaur epailearen aurrean agertu beharko du berriro.

Iñaki Imaz Munduate ETAko ustezko kidea. EITB
Iñaki Imaz Munduate ETAko ustezko kidea. EITB
Iñaki Imaz, kontrol judizialpean aske

01:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Imaz Munduate, Hendaian astelehen goizean atxilotutako ETAko ustezko kidea, aske geratu da Paueko auzitegian hitz egin ostean. Astearte honetan erabakiko dute Espainiara estraditatu edo ez.

Naiz.info webguneak jakitera eman duenez, Madrileko 2. Instrukzio Auzitegiak Imazen kontrako euroagindua zuen jarrita, eta gaur Poliziak Paueko Justizia Auzitegira eraman du epailearen aurrean agertzeko.

Imaz epaitegira eraman baino lehen, Frantziako Poliziak ETAko ustezko kidearen etxebizitza miatu du.

Imazi 2007an "Urederra" taldean parte hartzea eta komando horretatik "aske" utzitako kideei etxea uztea leporatu diote. ETAren inguruko propaganda egitea ere egotzi diote, "Zutabe" aldizkariaren bitartez.

2008an, ETAko zuzendaritzak zigorra ezarri zion militantziatik aldi baterako kenduz, eta Frantziatik kanpo bizitzera joateko agindu zion. Horregatik, Irlandan jarri zen bizitzen, bertatik itzuli zen Hendaiara duela gutxi.

ETAren zuzendaritzara sarbidea zuela dio Barne Ministerioak

Barne Ministerioaren arabera, Iñaki Imaz Munduate ETAren "aparatu politikoaren" kide zen eta zuzendaritzara sarbidea zuen, baita Frantziako hegoaldeko ezkutuko egituretara ere.

2011ko urriaren 20an ETAk jarduera armatua behin-betiko amaitu zuela iragarri zuenetik egon diren komunikatu anitzetan parte hartu izana ere leporatu dio Barne ministroak. Halaber, Donostiako Errotaburu auzoko lokal batean "zutabeak" egitea leporatu dio.

Imazek bizitza publikoa egiten zuela dio ezker abertzaleak

Ezker abertzaleak Iñaki Imaz ETAko ustezko kidearen atxiloketa kritikatu du, eta "bizitza publikoa" egiten zuela nabarmendu da, baina, halere "Espainiako agintariek atxilotzea erabaki dutela eta atxiloketa polizia operazio arrakastatsua bezela saldu dutela esan du".

Ezker abertzaleak esan du atxiloketa hau "Espainiako eta Frantziako Gobernuek Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbidea jartzeko nahi faltaren eredu garbia" dela azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea