Politika -
IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Sanchezen inbestidura saioa; Gaza, erasopean; eta Euskadi Literatura Sariak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, azaroak 15, hedabideetako lerroburu nagusiak:
-Sanchezen inbestidura saioa: Espainiako Gobernuko Presidentetzarako bidea zabalduko du inbestidurako eztabaidak. Pedro Sanchez hautagaiak hasiko du, hain zuzen ere, gaurko saioa, 12:00ak jota. Ondoren, talde parlamentarioen ordezkarien hizketaldiak iritsiko dira, handienetik hasita.
-Gaza, erasopean: Gazako sarraskiaren erdian, Israelgo Armadako zenbait soldadu Parlamentuan eta beste hainbat egoitza publikotan sartu dira. Hori horrela, Israelgo Defentsa ministroak ziurtatu du dagoeneko Zerrendaren kontrola galdu duela Hamasek. Horrek ez du esan nahi, baina, Israelek gerra irabazi duenik.
-Euskadi Literatura Sariak: Getxon, lehendakariak eta Bingen Zupiria sailburuak 2023ko Euskadi Literatura Sariak banatuko dituzte. Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako 2023ko irabazleak dira Arantxa Urretabizkaia, Azken Etxea (Pamiela); Patxi Zubizarreta, Zerria (Erein); eta Joseba Larratxe, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar). Bestalde, Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz kategorietako Euskadi Literatura sariak jasoko dituzte Alejandro Morellonek, El peor escenario posible; Maialen Berasategik eta Joxe Mari Berasategik, Paradisua; Miren Billelabeitiak, Norberak maite duena; eta Ander Izagirrek, Vuelta al país de Elkano.