Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Lurraldetasunaren auzian EAJk eta EH Bilduk Madrilera planteamendu komun bat eramatea defendatu du Aizpuruak
EH Bilduren Kongresuko bozeramailearen arabera, eraginkorrena litzateke gai horretan kataluniarrak eta euskaldunak batera joatea.
O. A. | EITB Media
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak beste behin berretsi du Espainian hasi berri den legegintzaldia lurralde auziarena izango dela, eta testuinguru horretan uste du eraginkorrena litzatekeela kataluniarrak eta euskaldunak "batera joatea" eta Estatuaren aurrean "planteamendu amankomun bat" aurkeztea. Hori posible ez balitz, uste du gutxienez EAJk eta EH Bilduk eraman beharko luketela planteamendu bat, eta "berdina", Madrilera.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, lurraldetasunaren auzia ez da alderdien kontua, "herri bezala interpelatzen gaituen gaia da". Horren ustez, hainbeste urtetan "ezinezkoa" zirudiena planteatzeko aukera dago orain eta "aprobetxatu" egin behar da, "alderdikeriak baztertuz" eta "herri gisa" jokatuz.
Bide horretan aurrerapausorik eman den galdetuta, elkarrizketak badaudela onartu du gehiago zehaztu gabe.
"Ezinezkoa zirudiena mahai gainean dago, eta beraz bada momentua politika egiteko bai Madriletik eta baita Euskal Herritik ere", gaineratu du.
Edonola ere, gai hori aurrera eramateko tentu handiz, ardura handiz, konpromiso handiz eta zuhurtziaz jokatzeko deia egin du.
Bestalde, Podemos Espainiako Gobernu berriaren osaketatik kanpo gelditu izana "penaz" ikusi du Aizpuruak, uste baitu "eragin handia" izan duela ezkerreko politikak egiteko orduan eta Sumarrek baino "jarrera argiagoa" duelako nazio aniztasunaren gaian. Aldi berean, gobernutik kanpo geldituta, Podemos Espainiako Diputatuen Kongresuan ezkerreko politikak bultzatzeko aliatua izan daitekeela ERC, EH Bildu eta BNG alderdiekin batera.