Politika -

Bilera Sabin Etxean

EAJ eta Junts elkarlanean arituko dira Kongresuan, Sanchezek hitzartutako konpromisoak "bete" ditzan

Ohar bateratu batean, bi indar politikoek nabarmendu dute "legealdiaren hasieratik Pedro Sanchezek eta bere Gobernuak Euskadirekin eta Kataluniarekin hartu dituzten konpromisoak betetzeko bidea ezarri behar dela".

Juntseko eta EAJko ordezkarien arteko batzarra, Sabin Etxean. Argazkia: EFE
Juntseko eta EAJko ordezkarien arteko batzarra, Sabin Etxean. Argazkia: EFE
Ortuzar (EAJ) eta Turull (Junts) Bilbon bildu dira Esteban eta Nogueras lagun zituztela

0:33

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta Juntsek Kongresuan elkarlanean aritzea adostu dute gaur, Pedro Sanchez presidenteak eta Espainiako Gobernuak inbestidura babesteko bi alderdiekin itxitako "eduki politiko handiko" akordioak "betetzen" dituztela bermatzeko.

EAJren eta Juntsen ordezkaritzek bi orduko bilera egin dute EAJren Bilboko egoitza nagusian, eta bertan izan dira Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Jordi Turull Junts alderdiko idazkari nagusia, Aitor Esteban (EAJ) eta Miren Nogueras (Junts) Kongresuko bozeramaileak, Joseba Aurrekoetxea EAJko Antolakuntza arduraduna eta Albert Batet Kataluniako Parlamentuko Junts taldeko presidentea.

"Pedro Sanchezek eta bere gobernuak Euskadirekin eta Kataluniarekin hartu dituzten konpromisoak betetzeko legealdiaren hasieratik bide bat ezartzeko beharra" nabarmendu dute EAJk eta Juntsek, batzarraren ostean argitaratutako oharrean.

Horrela, bileran "bi talde politikoen artean ezar daitezkeen mekanismo bateratuak" aztertu dituzte, Espainiako Gobernuaren ekimen guztiek "Euskadiko eta Kataluniako autogobernua errespeta dezaten eta Euskadiko eta Kataluniako herritarren ongizatea bultzatzeko helburu partekatuan lerrokatuta egon daitezen".

Jeltzaleak eta Kataluniako abertzaleak amnistiaren alde agertu dira berriro, "politika desjudizializatzen eta Kataluniako gatazka politikaren esparrura itzultzen lagunduko duelako". Ildo horretan, EAJk berriro bermatu dio Junts alderdiari bere botoek arau hori onartzea bermatuko dutela.

EAJren egoitza nagusian Junts alderdiarekin egin duen lehen bilera ofiziala izan da, Ortuzarrek Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiarekin batzartzeko Belgikara bi bidaia egin ostean.

Urruntzearen amaiera eta aliantza ERC-EH Bilduren aurrean

Horrela, alde bakarreko independentzia aldarrikapena (DUI) eta Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa (2017) saihesteko Urkulluren bitartekaritzak porrot egin ostean, bi alderdien artean izan zen urruntzea amaitu da.

Gainera, gaur Bilbon adostutako koordinazioari esker, EAJk eta Juntsek aurreko legealditik ERCk eta EH Bilduk Gorte Nagusietan duten aliantzari aurre egin diezaiokete.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika EAJ-PNV Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Junts per Catalunya