Politika -
Davalor auzia
Ayerdiren dimisioa eragin zuen auzia artxibatu dute, instrukzio prozesua gehiegi luzatzearen ondorioz
Iruñeko epaitegi baten autoaren arabera, ez dute erabaki inor ikertu gisa deklaratzera deitzea instrukzio prozesuaren epeetan. Manu Ayerdik, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilari ohiak, dimisioa eman zuen auzia ezagutarazi zenean.
Agentziak | EITB Media
Instrukzio Epaitegiak amaitutzat eman du Davalor auziaren ikerketa, instrukzioa egiteko 12 hilabeteko epea igaro ondoren. Auzia ezagutara eman zenean, Manu Ayerdik dimisioa aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilari gisa. Beraz, auzia artxibatu egingo dute.
Davalor enpresari emandako laguntza publikoen harira, Auzitegi Gorenak ustezko prebarikazioagatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik auzi penala ireki zuen. Ondorioz Ayerdik dimisioa aurkeztu zuen.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako autoan gogoratzen duenez, Auzitegi Gorenak 2021eko urtarrilaren 21ean erabaki zuen eginbideak hastea, eta Iruñeko Instrukzio Epaitegiak 2022ko otsailaren 18an erabaki zuen ikerketa luzatzea.
Ikertuek jarritako errekurtsoa onartu ondoren, epaitegiak uste du legeak aurreikusitako 12 hilabeteko epea urtarrilaren 21ean hasi zela, prozedura bakarra baitago.
Instrukzioaren luzapena otsailean erabaki zen, beraz, legeak eskatutako epea "gaindituta" zegoenean.
Horregatik, data horren ondorengo eginbideak baliogabetuta geratzen dira. Ikertuek datorren astean egin behar zituzten deklarazioak ez dira egingo. "Horretarako egindako zitazioak indarrik gabe utzi behar dira", azaldu du autoan.
"Inor ikertu gisa deklaratzea erabaki ez denez, ezin da prozedura inoren aurka zuzendu; beraz, sumarioa prozesamendurik gabe amaitzea da ebazpen posible bakarra", ebatzi du.