Politika -
Legealdia, amaitzear
Urkulluk "hauteskundeekin itsututa" egotea egotzi dio EH Bilduri, horrek "erantzun berriak" eskatu ostean
Urteko azken Kontrolerako saioan, legegintzaldiko "ikaspenez" galdetu dio Nerea Kortajarenak lehendakariari. EH Bilduren ustez, Euskadiko "arazo potolo eta estrukturalak ezin dira ukatu edo gutxietsi". "Tesi katastrofista" gailentzeko ahaleginean ibiltzea aurpegiratu dio Urkulluk.
E. G. | EITB Media
Urteko azken Kontrolerako saioa egiten ari dira gaur Eusko Legebiltzarrean, eta beste behin, Iñigo Urkullu lehendakariak eta EH Bilduk aurrez aurrekoa izan dute legealdiaren inguruko balantzea egiteko orduan. Lehendakariak "hauteskundeekin itsututa" egotea egotzi dio koalizio abertzaleari; aurrez, Nerea Kortajarena EH Bilduko eledunak esan du Jaurlaritza Euskadiko "arazo potolo eta estrukturalak —osasungintza eta etxebizitza aipatu ditu adibide gisa— ukatzen eta gutxiesten" ari dela, eta horren aurrean, "erantzun berriak" eskatu dizkio.
Iñigo Urkulluren ustez, EH Bildu bere "tesi katastrofista" gailentzeko ahaleginean dago, "datu objektiboek" kontrakoa dioten bitartean. Azaldu duenez, azken Eurobarometroak "Euskadi Europako hirugarren herrialde onena" jo du, eta erantsi du EAEn inoizko langabezia tasa txikiena dagoela, eta inoiz baino baliabide gehiago bideratzen direla osasunera.
Lehendakariak garrantzia kendu dio gaurkoa urteko azken Kontroleko saioa izateari, eta legealdia amaitu arte "hilabeteak" falta direla erantsi. Ez du argitu, hortaz, noizko deituko dituen hauteskundeak.
Bestelako irakurketa egin du Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak. Horren ustez, Jaurlaritzari "arazoak metatzen ari zaizkio", eta horren adibide jarri ditu asteon "Txagorritxuko Ospitalean izandako kolapsoa" eta EAEko biztanleriaren erdia baino gehiago tenkatutako eremuan bizi dela jakitea. Kortajarenaren iritzian, "arazo potolo eta estruktural" horiek ezin dira konpondu "onartzen ez badira", eta irakurketa "autokonplazientea eta paralizatea" egitea egotzi dio lehendakariari.
Bestalde, Euskobarometroa inkestaren azken datuak aletu ditu EH Bilduko legebiltzarkideak. Horren arabera, azken lau urteotan % 7tik % 23ra igaro da EAEko zerbitzu publikoak txarrak direla dioten herritarren portzentajea, eta % 23tik % 42ra etxebizitzaren arazoarekin kezkatuta daudenen kopurua.
100 ekimen baino gehiago, legealdia amaitu aurretik
Aurrez, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak egindako beste galdera bati erantzun dio Urkulluk. Kide jeltzaleak datozen hilabeteetako erronka nagusiez itaundu dio. Horren harira, lehendakariak aurreratu du sailburuek 100 ekimen baino gehiago aurkeztuko dituztela. "Hitzartutakoa betetzea da gure helburua. Badugu lana aurretik, eta badugu denbora aurretik lana borobiltzeko", azpimarratu du.