Politika -
URTEKO BALANTZEA
Sanchez: "Onartezina da azkenaldian jaso dugun irain eta deskalifikazio mordoa"
Oposizioak "azken asteetan" erakutsitako "maila baxua" kritikatu du Espainiako presidenteak. "Onartezina da jaso dugun irain mordoa".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak urteko balantzea aurkeztu du hedabideen aurrean, eta legegintzaldi berriari begira, "mundu guztiarekin" hitz egingo duela eta "nekatu arte" negoziatuko duela esan du. "Akordioak lortuko ditugu adostu nahi dituzten alderdi politiko guztiekin", gaineratu du.
Bere Gobernuak aurreko legegintzaldian martxan jarritako agendari jarraipena emango diola adierazi du. "Gobernuak ez dio inoiz bere zeregin nagusiari uko egingo, hau da, herritarren bizitzak neurri ausartekin hobetzea, noiz eta behar den lekuan", esan du.
Horregatik, etorkizunari begira, "egiteko asko" dagoela onartu du, baina, bere ustez, "bide egokian goaz". "Gaur egungo Espainia, duela bost urte, Gobernura iritsi ginenean, topatu genuen baino hobea da. Gobernu garbia dugu, ustelkeriarik gabekoa, eta lau urte ditugu aurrerapenak zabaltzeko, ustelkeria bizitza publikotik urrun mantenduz ", iragarri du.
Bien bitartean, bere gobernuak azken asteetan jasandako "irain eta deskalifikazio" maila "onartezina" dela esan du. "Gaitzesgarria izan beharko litzateke alderdi politiko bateko buru bati 'fruta gustatzen zait' esaldiarekin irain egitea", kritikatu du.