Politika -
Polemika
'Counter-Strike' berrian ETAren ikurrak kentzea eskatu du FACUAk
Bestalde, Carlos Urquijok bideojokoa ez merkaturatzea eskatu du.
Erredakzioa
FACUA Espainiako kontsumitzaileen elkarteak Counter-Strike: Global Offensive bideojokotik ETAren ikurrak kentzeko eskatu dio Valve konpainiari, "biktimen eta horien senideen oroimena errespetatzeko".
Bideojokoa abuztuaren 21ean merkaturatuko dute. Jokoak aurrez aurre jartzen ditu talde terroristak eta antiterroristak, eta erabiltzaileak talde batean zein bestean izatea hauta dezake, Internet bidez beste hainbat pertsonarekin batera jokatzeko.
Edizio honetan, Valve konpainiak hainbat fakzio berri gaineratu ditu jokoan, tartean ETA iradokitzen duen bat, terroristen artean. Jokoak ez du ETA izena aipatzen, Separatistak baino, baina talde horretako kideek kaputxa zuriak eta txapelak dituzte.
Halaber, deskribapenean, garatzaileek azaldu dute Separatistak fakzioa "Europako talde minoritario bat" dela, eta "terrore ekintza krudelak" egiten dituela, "autodeterminazioa" helburu.
Agiri batean, FACUAk bideojokoen Europako jokabide-kodea (PEGI) betetzeko eta "ETAko biktimen duintasunaren aurkako irudiak ez erakusteko" eskatu dio Valveri.
"Tankera honetako bideojokoek hutsalkeriak izango balira tratatzen dituzte sufrimendua eta indarkeria, eta hori ez dator bat industriak berak haren jokabide-kodearen bitartez arautzen duenarekin", gaineratu du elkarteak.
Horrenbestez, bideojokoan "beharrezko aldaketak" egitea eskatu die garatzaileei, ETArekin lotu daitekeen edozein ikur kentzeko.
Urquijok jokoa ez merkaturatzea eskatu du
Bestalde, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak bideojokoa ez merkaturatzea eskatu du, "astakeria" eta "biktimentzat iraingarria" dela iritzita.
Europa Press agentzian egindako adierazpenetan, Urquijok kritikatu egin du bideojokoak "separatista" deitzea ETAren itxura duen talderari. "Amerikarrek hori egin ohi dute, ez dakite zerez hitz egiten duten", erantsi du.
Espainiako Gobernuaren ordezkariaren ustez, bideojokoa merkaturatzea "iraingarria" izango litzateke "biktimentzat" eta "indarkeria terroristagatik horrenbeste sufritu duten espainiarrentzat".
Urquijok esan du espero duela polemika auzitara jo gabe konpondu ahal izatea.