Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek Lankidetza eta Elkartasun Legea adostu dute

Akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak "errenta gordinaren % 0,7 garapenerako bidean dauden herrialdeekin lankidetzan aritzeko erabiliko du", Nazio Batuen konpromisoa betetzeko.

Argazkia: pixabay.com.
Argazkia: pixabay.com.
Argazkia: pixabay.com.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, hots, EAJk eta PSE-EEk, akordioa lortu dute EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari diren Lankidetza eta Elkartasun Legearen inguruan. Horren ondorioz, Jaurlaritzak "errenta gordinaren % 0,7 garapenerako bidean dauden herrialdeekiko lankidetzara bideratuko du", Nazio Batuen konpromisoa betetzeko.

Berriki, lau alderdiek Haur eta Nerabeen Legea ere adostu dute, eta Gobernuak eta koalizio abertzaleak Trantsizio Energetikoarena ere hitzartu dute.

Bestalde, Elkarrekin Podemosetik azaldu dute astelehenean emango dituztela akordioaren inguruko zehaztasun gehiago.

EH Bildu izan da akordioaren inguruan informatzen lehena. Horren haritik, koalizioak jakinarazi du "EAJk eta PSE-EEk Lakuako Gobernuaren jatorrizko proiektuari egindako ekarpen nagusiak onartu" dituztela.

Diana Urrearen esanetan, "portzentaje hori zenbaki bat baino gehiago da, asmoen adierazpen oso bat da, eta Lankidetzarako Lege batek, eraldatzailea, punta-puntakoa eta erreferentea izan nahi duenak, ezin dio horri uko egin". "Orain arte Lakuak ez du Nazio Batuen konpromiso hori bete, eta garrantzitsua da lege berri honek hori jaso eta zehaztea", gaineratu du.

Zentzu horretan, lortutako akordioak "% 0,7 horren balioa aintzakotzat hartzen du, Gobernuak inbertsioa portzentaje horretaraino igotzeko konpromisoa hartuta. Halaber, akordioak gardentasuna ekarriko du lankidetza arloko politiketan, eta eraldaketa sozialerako heziketaren aldeko apustua ere bada".

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, akordioaren edukia "bat dator euskal eragile sozialen aldarrikapen eta eskakizunekin eta, norabide horretan, legeak irabazi-asmorik gabeko erakundeen protagonismoa azpimarratuko du".

Halaber, Urreak azaldu duenez, EH Bilduk eskatu bezala, Gobernuak 14/2007 Legea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarena, ez indargabetzea onartu du. "Lege horrek lankidetzarako eta elkartasunerako politikak garatzeko oso baliagarriak diren elementuak jasotzen ditu, eta oso garrantzitsua da mugimendu sozialentzat, are gehiago nazioartean gaur egun dugun testuingurua kontuan hartuta", nabarmendu du Urreak.

Azkenik, azpimarratu du legeak euskal lankidetza eta elkartasuna bultzatzea izango duela helburu, "betiere dimentsio feminista batetik eta giza eskubideen, ingurumenaren eta printzipio demokratikoen defentsatik, lankidetzak balio dezan politika eraginkorragoak egiteko, garapen bidezko eta iraunkor bat zein hazkunde integratzaile bat lortzeko, bakea sustatzeko eta gatazkak konpontzeko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra argazkiak Gizartea EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi