Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
"Edozein babes" "pozik" hartuko luke Anduezak, baina EH Bildu bere Gobernuan egotea onartu gabe
Hautagai sozialistak aukera gisa ikusten du "Chiviterekin gertatutakoa hemen ere errepikatzea". "Nafarroan posible izan bada, zergatik ez da izango Euskadin?", galdetu dio bere buruari. "Hori bai, argi daukat EAJ Gobernu barruan eta EH Bildu kanpoan egon beharko liratekeela", azpimarratu du.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakarirako hautagai Eneko Andueza elkarrizketatu dute gaur, asteartearekin, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeei so, nabarmendu du sozialisten asmoa dela "Euskadin hobeto bizitzeko" proiektu bat zuzentzea, alegia, "herritarren kezkei erantzuten dien Gobernu bat eratzea".
EH Bildurekin Gobernua osatzeko aukera bukaeraraino errefusatuko duenaren uste osoarekin, Anduezak ez du ukatu pozik hartuko lukeela "edozein babes". "Ordea, argi daukat ez dudala EH Bildu Gobernuan nahi", berretsi du.
Koalizio abertzalearen hautagai Pello Otxandianok egindako adierazpenekin —zerrenda bozkatuenak gobernatu beharko lukeela esan zuen— harrituta agertu da. "Herritarrek botoa eman aurretik ari dira boterea banatzen. PSE-EE da mahai gainean proposamenak jartzen ari den alderdi bakarra", erantsi du.
Kontu horiek gorabehera, aukera gisa ikusten du "Chiviterekin gertatutakoa hemen ere errepikatzea". "Nafarroan posible izan bada, zergatik ez da izango Euskadin?", galdetu dio bere buruari. "Hori bai, argi daukat EAJ Gobernu barruan eta EH Bildu kanpoan egon beharko liratekeela", azpimarratu du.
Aukera guztiak daude, baina, zabalik, hautagai sozialistaren aburuz. Izan ere, hautabide gisa ikusten du, halaber, EH Bilduren eta EAJren arteko balizko itun bat, baita Imanol Pradalesek erreferenduma deitzea ere. "Zergatik ez? Berak garbi utzi du independentista dela. Ni, aldiz, ez nauzue sekula ekuazio horretan ikusiko. Inoiz ez dut aurrera egitea oztopatzen duen proposamen baten alde egingo, ez dago gure lehentasunen artean", esan du.
PSE-EEk duela gutxi egindako adierazpen batzuk gogoan, eta "erabateko aldaketa" gerta dadin zer egingo ote duten galdetuta, onartu du ez dela nahikoa "aurpegi eta zerrenda berriak" aurkeztea. "Proiektu berria ere badugu, gidoi aldaketa batekin gatoz, aurrera begira aldaketa behar duten zenbait kontu berritu nahi ditugu. Horretan egin nahi dugu azpimarra", azaldu du.
Elkarrizketan, PSE-EEren hautagaiak argitu du zertan aldatu beharko litzatekeen EH Bildu etorkizunean haiengandik hurbilago egon ahal izateko. "Hasteko, herri proiektuak banantzen gaitu, haienak independentzia baitu oinarri. Bestalde, ez gatoz bat gobernatzeko moduan, eta, gainera, koalizio abertzaleak arrakala etikoa du oraindik. Kontu horietan aurrea egin ahala, ikusiko dugu posible den gerturatzea, nahiz eta mugimendu gutxi ikusten dudan", bukatu du.