Politika -
Gobernu Kontseilua
Murrizketak nola saihestu aztertuko du Jaurlaritzak gaur
Sendagaien koordainketa eta kontu publikoen egoera izango dira, besteak beste, gaurko bilerako aztergai nagusiak.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak bilera egingo du gaur eta sendagaien koordainketa nola saihestu eta kontu publikoen egoeraren azterketa izango dira Patxi Lopez lehendakaria buru izango duen bileraren gai nagusiak.
Udako oporren osteko lehenengo Gobernu Kontseiluak aurreko urteetako ohiturak hautsiko ditu eta ez da abuztuko azkeneko astean izango. Gainera, Donostiako Miramar Jauregian izan beharrean, bilera Lehendakaritzan egingo dute. Jaurlaritzatik azaldu dutenez, krisi ekonomikoaren larritasunagatik eta sendagaien koordainketari erantzun bat eman behar zaiolako aurreratu dute bilera.
Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu zuen EAEn sendagaien koordainketa ez ezartzeko, baina Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen behin-behinean, Espainiako Gobernuak dekretuaren kontra aurkeztutako helegite bat dela eta.
Hala eta guztiz ere, EAEn, oraingoz, koordainketa ezarri aurreko egoeran jarraitzen dute sendagaiak saltzen.
Patxi Lopez lehendakariak, gainera, irailean helegitearen kontrako alegazioak aurkeztuko dituztela iragarri du, eta gaur horren inguruko xehetasun gehiago eman ditzakete.