EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Urriaren 21ean

Patxi Lopezek bozak aurreratu ditu, PPren eta EAJren blokeoa dela eta

''Hartutako konpromiso nagusiak bete ditugu eta ekonomia berpizteko diseinatu genituen plan guztiak martxan daude'', esan du lehendakariak.

Hauteskundeak urriaren 21era aurreratuko ditu Patxi Lopezek.
Hauteskundeak urriaren 21era aurreratuko ditu Patxi Lopezek
Hauteskundeak urriaren 21era aurreratu ditu lehendakariak

01:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko hauteskundeak urriaren 21era aurreratzea erabaki du Patxi Lopez lehendakariak. Sailburuekin bildu ondoren, agerraldia egin du, aurrerapenaren berri ofizialki emateko. Hala, udako oporraldien osteko lehen gobernu kontseiluaren ondoren, hauteskundeak bost hilabete aurreratuko dituela baieztatu du lehendakariak.

''Hartutako konpromiso nagusiak bete ditugu, eta herritarrekin kontratu berria egiteko ordua da'', esan du Patxi Lopezek. ''Ekonomia berpizteko diseinatu genituen plan guztiak martxan daude'', gaineratu du. ''Gogoeta egin ondoren erantzukizunez hartutako erabakia da'', azaldu du Patxi Lopezek.

Gainera, hauteskundeak espero baino bost hilabete arinago deituta, herritarren babesa duen Eusko Jaurlaritza berriak krisiari aurre egingo dioten 2013ko Aurrekontuak egiteko aukera izango duela azpimarratu du lehendakariak.

''Hauteskundeen eguna iritsi arte'' Jaurlaritzak lanean jarraituko duela azaldu du lehendakariak, eta ''elkarrizketa eta akordio aro berri bat irekitzeko'' garaia dela uste du. Patxi Lopezen ustez, ''erreformak egiteko prest ez daudenak'' garai berri hori oztopatzen ari dira, ''ezinezkoa'' baita fiskalitate mailan edo erakundeen egitura esparruan aldaketarik egitea ''hauteskunde aurretiko giro batean''. 

Legegintzaldiaren balantzea ere egin du Patxi Lopezek gaurko agerraldian. ''Harro esan dezaket terrorismoarekin bukatu dugula'', adierazi du lehendakariak hitzaldian. ''Merezi izan du. Gure kaleetan barrena pertsona guztiak askatasun osoz paseatzen ikusteagatik merezi izan du; nork bere iritzia emateagatik biziak arriskuan ez egoteagatik merezi izan du. Horregatik bakarrik merezi izan du Euskadiko Gobernu sozialista izatea'', gaineratu du Patxi Lopezek. ''Etengabeko identitate gatazkaren politika albo batera utzi, eta lasaitasun garai berri bati ekin diogu'', gaineratu du.

2011ko urriaren 20an ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuen egunaren lehen urteurrenarekin bat egingo du hauteskundeen hausnarketa jardunaldiak.

Aurrerapenaren iragarpenarekin bukatu egin dira hauteskundeen balizko datek eragin dituzten zurrumurruak. Bereziki Antonio Basagoiti Euskadiko PPko buruak PSE-EErekin zuen gobernu akordioa apurtutzat eman ondoren piztu ziren aurrerapenaren eta data ezberdinen inguruko informazioak. EAJk eta PPk hauteskundeak aurreratzeko egindako deien aurrean, legegintzaldia agortzeko asmoa agertu zuen lehendakariak; baina, Gobernua ''arrastatu'' edo ''azkenetan mantentzeko'' asmorik ere ez zuela azaldu zuen.

INKESTAK: LEHIA BIZIA EAJ ETA EH-BILDU ARTEAN

Inkestek lehia bizi aurreikusten dute EAEko hauteskundeetan, ez baitago irabazle argirik. Azken galdeketen arabera EAJ da faboritoa, baina oso gertutik du EH-Bildu. Halaber, sozialistei Jaurlaritzan egon izanak kalte egingo diela ere aurreikusten dute.

Euskal Herriko Unibertsitateak maiatzean egindako 1.200 elkarrizketarekin osatutako Euskobarometroaren arabera, EAJk irabaziko lituzke EAEko hurrengo hauteskundeak, 23 edo 24 legebiltzarkide lortuta (gehiengo absolutua ematen duten 38 eserlekuetatik urruti geratuko litzateke, beraz). Euskal Herria Bildu oso gertu izango luke, 22 legebiltzarkiderekin. PSE-EE hirugarren tokian geratuko litzateke, 17 legebiltzarkiderekin, eta PPk 12 edo 13 eskuratuko lituzke. Ezker Anitzak eta UPyDk Legebiltzarrean dituzten ordezkariak galduko lituzkete.

HAUTESKUNDEETARAKO BIDEA: EPEAK

Abuztuaren 28an desegingo dute Eusko Legebiltzarra, eta litekeena da urriaren 5ean abiatzea hauteskunde kanpaina. Ofizialki 2013ko martxoan bukatu behar zuen Patxi Lopezen eta PSE-EEren agintaldiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea