Politika -
Publio Cordonen bahiketa
Fernandez Diaz ikertzen ari dira, ustez sekretuak jakinarazteagatik
Barne ministroak Publio Cordonen bahiketaren argibideak eman zituenean sekretuak ezagutzera eman ote zituen ikertzen ari da Bermudez epailea.
Erredakzioa
Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko epaileak Barne ministroaren prentsaurrekoaren irudiak eskatu dizkie telebista kateei. Jorge Fernandez Diazek Publio Cordonen bahiketa argitzeko eman zuen prentsaurrekoa uztailean, eta, sekretuak jakinarazteagatik deliturik egin zuen ikertzen ari da Bermudez.
Asteazken honetan eman du agindua magistratuak, uztailean zabaldu zuen auzian sekretupeko datuak argitaratu ziren argitzeko. Nazioarteko erreguzko batzorde batean zeuden datu horiek sekretuan mantendu behar ziren.
Epaileak Arsenio Fernandez de Mesa Guardia Zibileko zuzendariari eta Faustino Alvarez Sola informazio zerbitzuetako buruari eskatu die, besteak beste, Barne ministroari "idatzizko zein ahozko informazioa nortzuek eman zioten" bost egunen buruan argitzeko. Ondoren, "ikerketaren emaitzen datuak zeini eman zizkion" ikertzea eskatu die.
Cordon Lyongo (Frantzia) etxebizitza batean hil zela jakin ostean, Fernandez Diazek uztailaren 19an argitu zuen auzia. 15 egun bahituta egon eta gero, leihotik ihes egiten saiatu zenean hil zen.
Barne ministroa bakean uztea eskatu du Cordonen alabak
Publio Cordonen alabak, Carmen Cordonek, "onen atzetik baino, gaiztoen atzetik ibiltzeko" eskatu dio epaileari. Horren arabera, Grapo talde armatuko kideak dira gaizkileak, bere aitaren hiltzaileak. "Medikuek aita artatu gabe utzi zuten hiltzen, ihes egiten saiatzerakoan istripu batengatik hil bazen", gaineratu du.
Fernandez Diazek sekretupeko datuak argitaratu izana esatea "gehiegikeria izugarria" dela uste du Cordonek.