Politika -
URIBETXEBARRIA KASUA
Uribetxebarria, epailearen erabakiaren zain
Castro epaileak edozein momentutan iragarri lezake ETAko presoa baldintzapean aske utziko duen edo ez.
Erredakzioa
Jose Luis Castro Espetxeratuen Zaintzako epaileak edozein momentutan iragarri lezake Josu Uribetxebarria ETAko presoa baldintzapean aske utzi edo ez. Hasieran, ostegun honetan iragartzea espero zen.
Castro Donostia Ospitalera joan zen asteartean, presoa eta horren onkologoak bisitatzeko. Hain zuzen ere, medikuek egin zuten txostenaren (Uribetxebarriaren minbizia sendaezina dela ondorioztatu zuten) nondik norakoak aztertzeko gerturatu zen Gipuzkoako hiriburura.
Epaileak beste bi txosten ditu: bat, Zaballako espetxeak eginda (presoak ospitale batean egon behar duela dio), eta, bestea, Auzitegi Nazionaleko medikuek eginda (presoaren minbizia ez dela sendaezina dio).
Castro bost minutu batzartu zen Uribetxeberriarekin, eta horrek "legea betetzeko" eskatu zion.
Rafael Bengoa
Rafael Bengoa Osasun sailburuaren iritziz, Donostia Ospitalean Uribetxebarriari egindako osasun azterketak "balio osoa dauka" eta argi uzten du "gizona oso gaixo dagoela, tratamendu konplexua behar duela eta tratamendu hori ez dela kartzela baten barruan ematen".
Bengoak EHUko Udako Ikastaroetan egin ditu adierazpenok, 'XXI. mendeko Osasuna diseinatzen: EAEren kasua' izeneko ikastaroan. Kazetariei aditzera eman dienez, "ezin daiteke ospitale bat politika egiteko erabili", Donostia Ospitalean egiten ari diren elkarretaratzei erreferentzia eginda.
Babes gehiago
Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkatea Donostia Ospitalean egunero egiten den elkarretaratzean izan da, Josu Uribetxebarriaren askatasuna eskatzeko. Azkarragaurizarrek mobilizazioekin jarraitzeko deia egin du, gaixotasun larriak dituzte presoen "duintasunaren eta justiziaren" izenean.
Arrasateko alkateak azpimarratu egin du Uribetxebarriaren disgnostikoa duela zazpi urte egin zela eta dagoeneko "kalean egon behar zuela, libre eta tratu duina jasotzen". Horrez gain, maiatzean Arrasateko Udalak "Josu kalean egoteko" adierazpena onartu zutela nabarmendu du. Adierazpen horrek Bilduren, Aralarren eta EAJre babesa izan zuen.
Istiluak Gasteizen
Ertzaintzak emakumezko bat eta gizonezko bat atxilotu ditu Gasteizen, emakumezkoari agente bati eraso egitea egotzi dio, eta gizonezkoari, berriz, irain egitea. Istiluak eguerdian izan dira Herrirak Josu Uribetxebarriaren askatasuna eskatzeko deitutako elkarretaratzean.
Herrizaingo Sailaren arabera, istiluak 12:00etan izan dira, Ertzaintza Olaguibel kalera joan eta Herriraren elkarretaratzean zeuden zeinbat pertsonen izen-abizenak jasotzen hasi denean. Herrirak egunero deitu ditu elkarretaratzeak, Arabako Gobernu Ordezkaritzaren egoitzan, gaixo dauden presoen aslatasuna eskatzeko.
Herrira ETAko presoak babesten dituen taldeak Ertzaintzari Gasteizeko kontzentrazion parte hartu duten pertsonei probokatzea leporatu dio.
Bilduk esan duenez, Josu Uribetxebarria gaixo dagoen ETAko presoaren aldeko kontzentraziora joan direnak ez diote errieta egin Ertzaintzari honek horien kontra joan arte. Halaber, atxilotutako neskak ez diela agenteei jotzeko asmorik izan nabarmendu du.
Beste martxa bat deitu dute
Bestalde, Auzitegi Nazionalak debekatutako manifestazioa deitu zuten 14 pertsonetako bik beste bat deitu dute larunbaterako, Donostian.
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak azken martxa hori ere debekatzeko eskatu dio Auzitegi Nazionaleko fiskalburuari.
Gauza bera egin du Terrorismoaren Biktimen Elkarteak. Epaitegian aurkeztutako idatzian, manifestazioa deitu dutenen artean Andoni Egaña eta Txaro Arteaga daudela nabarmentzen dute, eta bi horiek duela lau egun debekatutako martxa deitu zutela gaineratzen dute.
Frantziskotar bat, protesta baten buruan
Auzitegi Nazionalak debekatutako manifestazioaren ordez, hainbat pertsonak ibilbidea egin zuten atzo Donostiako kaleetan. Paulo Aguirrebalzategi 70 urteko frantziskotarra parte-hartzaileetako bat izan zen.