Politika -
Adierazpen polemikoak
'Kataluniaren independentzia? Nire gorpuaren gainetik beharko du'
Francisco Alamán Espainiako Armadako Infanteriako teniente koronelak polemika sortu du Kataluniak independentzia aldarrikatuz gero, esku hartu dezaketela ohartaraziz.
Erredakzioa
Francisco Alamán Espainiako Armadako Infanteriako teniente koronelak Katalunian independentzia aldarrikatzen dutenek "nire gainetik eta beste militarren gorpuaren gainetik pasatu" beharko dutela adierazi du alertadigital egunkarian egin dituen adierazpen polemikoetan. Ildo honetan, Alfred Bosch ERC alderdiak Kongresuan duen bozeramaileak Pedro Morenes Defentsa ministroak azalpenak emateko eskatu du, Armadaren koronel batek "mehatxu" egin diela argudiatuta.
Katalunian independentzia aurreikusten duen ala ez galdetuta, "horiek ez duten zerbait dugu guk", esaten du, "ohorea zer den ez dakite" eta independentzia lortuz gero, "Konstituzioak argi uzten du zein izan beharko litzatekeen Armadaren papera", ohartarazten du.
Francisco Alaman Castro koronelak erkidegoen eredua ere gogor kritikatu du. "Katalunian eta Vascongadatan Estatuaren ordezkari bakar bat ez dagoen eskualdeak daude, funtzionario xume bat ere ez. Galiziatik Nafarroara doazen 650 kilometroak kotxean eginez gero, auto gidariak bost erkidegotik pasatu beharko du, bost erkidegoko Gobernu ezberdinetatik. Non ikusi da horrelakorik?", galdetzen du koronelak.
Adierazpen hauek hautsak harrotu dituzte Twiterren eta ERC eta SI alderdiko politikari batzuek Defentsa ministroak azalpenak emateko eskatuko dutela adierazi dute bertan.