Politika -

Diru publikoa

Eusko Jaurlaritzaren kontuak ikuskatzea eskatu du Urkulluk

Jaurlaritzak, bestalde, Administrazioaren inguruan ''oinarririk gabeko'' zalantzak sorraraztea egotzi dio EAJko buruari. ''Ez da egon gurea bezain Gobernu gardenik'', erantzun diote Urkulluri.

Iñigo Urkullu EAJren presidente eta lehendakarigaia. Argazkia: Efe
Iñigo Urkullu EAJren presidente eta lehendakarigaia.
Iñigo Urkullu EAJren presidente eta lehendakarigaia. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJren presidente eta lehendakarigaiak Eusko Jaurlaritzari kontu-ikuskapen "independentea" egitea eskatu du, Jaurlaritzaren barne organoen "zintzotasun irudia" indartzeko.

Urkulluren esanetan, Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak Jaurlaritzaren kontuak azaltzeko egindako agerraldiaren ostean, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzaren kontuak "berrikustea" eta "bere tokian jartzea". Horretarako, "kanpoko kontu-ikuskapen independentea" omen da bidea.

EAJren presidenteak esan du "konfiantza" duela Jaurlaritzako barne organoetan, baina "auditoria independentea egiteak gardentasuna eta zintzotasuna" erakutsiko lituzkeelaazpimarratu du.

Murrizketak

Bestalde, atzeralditik ateratzeko "esfortzu gehigarriak" egin beharko dituztela dioenean "murrizketez" aritzea ukatu du. "Gastua lehenetsi" eta "eraginkorragoa izan" behar dela esan nahi omen zuen hitz horiekin.

Horren harira, EAJk "laguntza sozialetan" ez duela "murrizketarik egingo" hitzeman du, eta "zergak igo gabe ekonomia indartzeko eta enplegua sortzeko diru-iturriak" bilatuko dituztela agindu du.

Jaurlaritzaren erantzuna

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, ''etsipena'' agertu du, haren ustez, Jaurlaritza ahultzeko, ''Euskadiren irudiari eraso eta kalte'' egiten diolako EAJk. Horren harira, Administrazioaren inguruan ''oinarririk gabeko'' zalantzak sorraraztea egotzi die jeltzaleei egungo Jaurlaritzak.

Ohar batean, Jaularitzak erabat ukatu du Euskadiko kontuetan informazio falta dagoela, eta, joan den astean bertan, Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak datuen berri zehatz-mehatz emateko agerraldia egin zuela gogoratu du. ''Ez da egon gurea bezain Gobernu gardenik'', erantzun dio Urkulluri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea