Politika -

Eusko Jaurlaritza berria

Imanol Pradalesek larunbat honetan egingo du lehendakari karguaren zina Gernikako juntetxean

Imanol Pradalesek jakinaraziko du Eusko Jaurlaritza berriaren osaera larunbatean. EITBk jakin ahal izan duenez, 15 sail izango ditu hurrengo Exekutiboak, aurrekoak baino lau gehiago.

Iñigo Urkullu eta Imanol Pradales elkarri besarkada ematen. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu eta Imanol Pradales elkarri besarkada ematen, lehendakari izendatu berritan
Dena prest Gernikan, Imanol Pradales lehendakariak karguaren zina egiteko

0:38

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradalesek larunbat honetan egingo du karguaren zina Gernikako arbolaren azpian egingo den ekitaldian, eta bertan izango dira erakundeetako ordezkariak ez ezik baita politikagintzako eta euskal gizarteko ordezkariak ere. XIII. legealdiko lehendakaria izango da, demokraziako seigarrena. 

Osteguneko inbestidura saioan aurreikuspenak bete ziren eta Imanol Pradales jeltzalea aukeratu zuten Eusko Jaurlaritzako lehendakari, EAJren 27 legebiltzarkideen eta PSE-EEren 12en aldeko botoekin. Kargu hartze ekitaldia larunbatean egingo da, Gernikako juntetxean, 12:00etatik aurrera, eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du.

12 urtez Eusko Jaurlaritzako buru izan ondoren, Urkulluk larunbatean emango dio aginte-makila bere ondorengoari, Gernikako juntetxean.

Tradizioari jarraituz, erakundeetako ordezkaritza zabala izango da Gernikan: Felix Taberna Nafarroako Gobernuko presidenteordea, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko lehen presidenteordea, Carlos Garaikoetxea, Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Legebiltzarreko presidente izandako Jesus Eguiguren, Juan Mari Atutxa eta Izaskun Bilbao.

Eusko Jaurlaritza berria

Ekitaldia amaitu ondoren Pradalesek berak jakinaraziko du Eusko Jaurlaritza berriaren osaketa. EITBk ostiral honetan aurreratu duenez, Exejutibo berriak 15 sail izango ditu, Lehendakaritzaz gain. Aurreko Gobernuak baino lau sail gehiago dira. Horietatik hamar EAJk kudeatuko ditu, eta beste bostak PSE-EEk.

Gobernua handitzeko erabakia, negoziazioaren berri duten iturriek azaldu dutenez, "espezializatuagoa den Gobernu batean" lan egiteko eta arreta jartzeko beharraren ondorio da, "herritarrek eskatzen dituzten premiei modu espezifikoagoan erantzungo diena, kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzen baititu". Beraz, kontua da "arazo bakoitzari modu pertsonalizatuagoan heltzea eta, horrela, Jaurlaritzari egiten zaizkion eskakizunei erantzutea. Zenbat eta exijentzia handiagoa, orduan eta gobernu handiagoa", gaineratu dute iturri berberek.

Berritasunetako bat da Etxebizitzak sail propioa izango duela "batez ere gazteen beharrei erantzuteko", eta Garraioak ere berea izango duela.

Bereizten den beste arloetako bat Nerea Melgosa buru zuen Saila da. Horrela, alde batetik, Gizarte Gaiak egongo dira, eta, bestetik, Justizia. Azken hori PSE-EEk kudeatuko du. Nekazaritza eta Arrantza berezko saila izango dela ere baieztatu dute iturriek.

Gainera, Zientziak eta Berrikuntzak "garrantzi handia" izango dute Gobernu berrian. Azkenik, ziurtzat jotzen da Ekonomia Garapenak, Jasangarritasunak eta Ingurumenak saila partekatzen jarraituko dutela.

Osasuna, Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politika eta Ogasuna sail propio gisa kudeatzen jarraituko diren.

Halaber, PSE-EEk baieztatu duenez, Mikel Torres, Portugaleteko egungo alkatea, izango da Eusko Jaurlaritza berriko lehendakariordeetako bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza berriak EAE gaur Gernika-Lumo albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Imanol Pradales gaur