Politika -
PSE-ren Konferentzia Politikoa
Odon Elorzak Euskadin independentzia erreferenduma egitea proposatu du
Donostiako alkate ohiak PSE-EEren Konferentzia Politikoan aurkeztuko du proposamena, larunbatean.
Erredakzioa
Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta PSE-EEko diputatuak Euskadin independentzia erreferenduma deitzea proposatuko du larunbatean, alderdiaren Konferentzia Politikoan, baina Konstituzioaren bidez egitea, abertzaleak adostutako bidearekin "leialak" izatea eta ETA behin betiko desegitea jarriko du baldintza gisa, Radio Euskadik aurreratu duenez.
Diadaren ostean Kataluniaren indepentziaren aldeko eskaerak ugaritzen ari diren honetan etorriko da Elorzaren egitasmoa.
Horren ustez, egungo lehentasunak ekonomia sustatzea, enplegua sortzea, eskubide sozialei eustea eta terrorismoaren biktimak ez ahaztea direla hartu beharko luke kontsultak kontuan.
Buruzagi sozialistak errefusatu egin du autodeterminazioaren bidea, eta "erdibideko" proposamena egin du PPren eta ezker abertzalearen jarreren aurrean.
Horrela, "demokraziari zilegitasuna kendu nahi dioten alderdi abertzaleek" independentziaren gaia erabiltzeari uztea eta autogobernuari balioa ematea lortu nahi du Elorzak.
Diadaren oihartzuna
Kataluniako Diadaren egunean Bartzelonan egin zuten manifestazio independentista jendetsuak autodeterminazioaren eztabaida piztu du berriz, Euskadin ere.
Hori horrela, ezker abertzaleak "alde bakarreko independentzia aldarrikatzea" eskatu du, eta EAJtik eztabaidaren beldur ez direla nabarmendu dute, baina Patxi Lopez lehendakariak "independentziak denak hondoratzea" ekarriko lukeela iritzi dio. PP eta UPyD ere balizko kontsultaren aurka agertu dira.