Politika -
Ebazpen judiziala
Begoña Gomezek eta Fiskaltzak helegitea aurkeztu dute Sanchezek deklaratzeko jasotako zitazioaren aurka
Antonio Camacho emaztearen abokatuaren iritziz, "ez dago zitazioa justifikatzen duen zantzurik", eta kasuko fiskalak ere ebazpenaren aurkako errekurtsoa aurkeztu du, eta adierazi du eginbide hori ez dela beharrezkoa "abian den ikerketaren helburuetarako".
EITB Media
Begoña Gomezek eskatu dio Juan carlos Peinado epaileari bertan behera utz dezala Pedro Sanchez Espainiako presidentea deklaratzeko idatzitako zitazioa, ez baitago, Gomezen defentsaren iritzian, justifikatzen duen "zantzurik txikiena ere", epailaren "borondate askeaz harago". Auzia daraman fiskaltzak ere ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztu du, eta adierazi du eginbide hori ez dela beharrezkoa "abian den ikerketaren helburuetarako".
Antonio Camacho abokatuak helegitean adierazi duenez, "harrigarria" da Sanchezek Moncloan dekaratzera deitzeko egindako ebazpena, eta epaileak abiatutako "ikerketa lerro berezi" baten testuinguruan kokatu du.
Camachoren ustean, "ez dago" oinarririk "Zuzenbide Estatu Batean horren tamainako eskakizun bat egiteko, Gobernuaren presidentearen zitazioa, alegia", eta Madrileko 41 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko titularrari erabakia berriz aztertzeko eskatu dio.
Epaileak mantenduko balu, Moncloara joan beharko luke, Prozedura Kriminalaren Legeko 412 ea 413 artikuluek zehazten baitute Gobernuko presidentearen moduko kargudun publiko batzuen kasuan, bizilekuan edo bulego ofizialean deklaratu dezaketela, "bere karguaren baitan ezagutu ez dituen gauzen inguruan".
Madrilgo Fiskaltzak ere helegitea aurkeztu du astearte honetan, uste baitu herritarrek legearen aurrean duten berdintasuna kontuan hartuta, Konstituzioak berak babesten duena, "gizarte demokratiko bati dagozkion esparru anitzetan kritika legitimoak jaso ditzakeen arren, ezin dela prozesu-trataera ezberdina izan, ezta gainerako herritarrak baino astunagoa ere".
Peinado epaileak apirilean erabaki zuen Gomezen aurkako izapideak irekitzea, Manos Limpias sasi-sindikatu ultraeskuindarrak jarritako salaketa baten ondorioz. Hil horren amaieran, Madrilgo Probintzia Fiskaltzak errekurtsoa jarri zuen Epaitegiaren erabakiaren aurka, eta kasua artxibatzeko eskatu zuen. Hala ere, ikerketak aurrera jarraitzen du, hainbat pertsonak deklaratuta.
Bestalde, Manos Limpiasek aitortu zuen Gomezi jarritako salaketa "kazetaritza-informazioetan eta horietan bakarrik" oinarrituta dagoela.
Presidentearen emaztea uztailaren 19an joan zen epaitegietara, deklaratzeko zitazio bat jaso ondoren. Baina bere abokatuaren gomendioari jarraituz, ez deklaratzeko eskubideari heldu zion.
Ikerketa hasi zenean, Pedro Sanchezek bere agenda bertan behera utzi zuen eta bost egun hartu zituen Estatuko gobernuburu izaten jarraitu ala ez hausnartzeko. Egun horien ostean, karguan jarraitzea erabaki zuen eta demokrazia biziberritzeko neurri sorta bat iragarri zuen.