Politika -
''Begoña Gomez'' auzia
Sanchezek idatziz deklaratzea eskatu du Peinado epailearen aurrean
Espainiako Gobernuko presidentea gutun bidez zuzendu da Peinado epailerarengana, eta justiziarekin elkarlanean aritzeko prest dagoela esan du, "betiere legea zorrotz betez".
EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bere emaztearen aurkako auzia ikertzen ari den epaileari, Juan Carlos Peinadori, gutun bidez jakinerazi dio prest dagoela deklaratzeko, baina idatziz egin nahiko lukeela. Sanchezek dio komunikabideen bidez izan duela Peinado epailearen asmoen berri, eta prest dagoela beti bezala justiziari laguntzeko, baina legearen arabera idatziz deklaratzea dagokiola, "nabarmena baita Espainiako presidente izanik, presidente gisa egingo duela deklarazioa".
Astelehenean, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez lekuko gisa deklaratzera deitu zuen Begoña Gomez, presidentearen emaztea, ikertzen ari den epaileak. Gomez ikerketapean dago, influentzia trafikoa eta ustelkeria egotzita, eta, aurreko ostiralean adierazi ostean ez zuela deklaratuko, Juan Carlos Peinado Madrilgo Instrukzioko 41. epaitegiko magistratuak beste urrats bat egitea erabaki du: Espainiako presidenteari lekuko gisa deklaratzera deitzea. Ebazpenean, Moncloan bilduko zirela adierazi zuen, 11:00etan.
Peinadori igorritako gutunean, baina, Sanchezek justiziarekin kolaboratzeko borondatea helarazi du, baina zehaztu du bere deklarazioa "Prozedura Kriminalaren Legearen 412.2 artikuluak ezarritakoaren arabera" egin behar dela, eta, hala, deklaratu bai, deklaratuko duela, baina legeak agindu moduan, idatziz egingo duela.
Presidenteak gutunaren amaieran adierazi du konfiantza duela epaileak "bat egingo duela gure esparru konstituzionala eta legala ahalik eta gehien errespetatzearekin".
Joan zen apirilaren 16an agindu zuen Peinado epaileak Gomezen aurkako izapideak irekitzeko, Manos Limpias sasi-sindikatu ultraeskuindarrak jarritako salaketa baten ondorioz. Hil horren amaieran, Madrilgo Probintzia Fiskaltzak errekurtsoa jarri zuen Epaitegiaren erabakiaren aurka, eta kasua artxibatzeko eskatu zuen. Hala ere, ikerketak aurrera jarraitzen du, hainbat pertsonak deklaratuta.
Bestalde, Manos Limpiasek aitortu zuen Gomezi jarritako salaketa "kazetaritza-informazioetan eta horietan bakarrik" oinarrituta dagoela.
Sanchezek idatziz deklaratzea "beste aukerarik ez" dagoela uste du Marlaskak
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak esan du "legelari gisa" Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak idatziz deklaratzea beste aukerarik ez duela ikusten: "Espainiako Gobernuko presidentea da 24 ordutan, asteko zazpi egunetan", ziurtatu du Euskadiko Segurtasun Batzordearen ostean emandako prentsaurrekoan.
Ildo horretan, ustezko ustelkeriagatik emazteari eragiten dion auzian "azkenean deklaratu behar badu", idatziz egin beharko lukeela gaineratu du.
Presidentearen emaztea uztailaren 19an joan zen epaitegietara, deklaratzeko zitazio bat jaso ondoren. Baina bere abokatuaren gomendioari jarraituz, ez deklaratzeko eskubideari heldu zion.
Ikerketa hasi zenean, Pedro Sanchezek bere agenda bertan behera utzi zuen eta bost egun hartu zituen Estatuko gobernuburu izaten jarraitu ala ez hausnartzeko. Egun horien ostean, karguan jarraitzea erabaki zuen eta demokrazia biziberritzeko neurri sorta bat iragarri zuen.
Orain Peinado epaileak beste pauso bat eman du eta, Voxek eskatuta, Sanchezi zitazioa egitea erabaki du. Horren berri jakin eta berehala, Begoña Gomezen defentsak bere erabakia atzera botatzeko eskatu zion epaileari, "epailearen borondate askeaz harago" ez baitago, haren iritziz, justifikatzen duen "zantzurik". Fiskalak ere ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztu du, eta adierazi du eginbide hori ez dela beharrezkoa "abian den ikerketaren helburuetarako".