Politika -
Auzitegi Nazionala
Segiko bost ustezko kidek ukatu egin dute taldeko kide izatea
Segiko eta talde terroristako kide izatea leporatu die fiskalak, eta 7 eta 9 urteko kartzela-zigorrak eskatu ditu.
Redacción
Auzitegi Nazionalean epaitzen hasi diren Segiko ustezko hamar kidetatik bostek ukatu egin dute legez kanpo dagoen taldeko kide izatea, baita 2007 eta 2009 urteen artean kale-borrokako ekintzetan parte hartu izana ere.
Gaur hamar auzipetuetatik bostek deklaratu dute: Ezeizak, Zabaletak, Zabalak, Telleriak eta Alcelayk. Besteek bihar egingo dute.
Fiskaltzaren arabera, Segiren taldekoak ziren Hernanin eta astero leku ezberdinetan biltzen ziren, besteak beste, Kultura Etxean edo herriko frontoian, “segurtasun batzordeak” egiteko, euren mobilizazioetarako pankartak prestatzeaz gain.
Bost auzipetuek uko egin diote fiskalaren galderei erantzuteari, eta euren abokatuei soilik erantzun diete delituak eta leporatzen zaizkien gertaerak ukatzeko.
Epaiketaren hasiera
Gaur goizean hasi da Hernaniko 10 gazteren aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak Segiko eta talde terroristako kide izatea egozten die, eta 2007 eta 2009 urteen artean kale borrokako ekintzetan parte hartu zezaketela uste du.
Fiskaltzak 7 eta 9 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen du auzipetuentzat: 9 urteko zigorra Mikel Garcia Otamendi eta Egoitz Balerdi Segiko ustezko buruzagientzat, eta 7 urteko zigorra Asier Olano, Ekhi Oñate, Jon Ezeiza, Iñigo Alcelay, Txaber Zabaleta, Anton Zabaleta, Oier Urrutia eta Aitzol Arrieta Segiko ustezko kideentzat.
Amaiurren babesa
Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak gaurkoa "epaiketa politikoa" dela salatu du, eta Alderdi Popularrari Euskal Herriko gazteak “kriminalizatzeari uzteko” eskatu dio. Errekondok babesa eskaini die auzipetuei eta gisa horretako auziekin amaitu behar dela gaineratu du.