Politika -
Ertzaintza
Pradales eta Zupiria Erne, Esan, Sipe eta Euspel sindikatuekin bildu dira
Euspelek azaldu duenez, lehendakariak eta Segurtasun sailburuak "akordioak lortzeko itxaropena sortzen duen jarrera erakutsi dute, urte eta erdiko mobilizazioen ondoren, non kolektiboaren babesa, Ertzainak Borrokanena bereziki, erabakigarria izan da".
EITB Media
Imanol Pradales lehendakaria Ertzaintzako sindikatuekin bildu da azken egunetan. Zehazki, banan-banan Erne, Esan, Sipe eta Euspelekin egin dituzte batzarrak, Eusko Jaurlaritzako iturriek zehaztu dutenez.
Bileretan Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak ere parte hartu du, eta diskrezioaren esparruan aurrera eraman dituzte.
Iturri berdinen arabera, sindikatuen aldarrikapenak entzutea eta horiekin elkarrizketa normalizatzea izan da xedea. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak ez du bbatzar horiei buruzko balorazio gehiagorik egin.
Hala ere, Euspel sindikatuak ohar batean azaldu duenez, lehendakariak eta sailburuak "akordioak lortzeko itxaropena sortzen duen jarrera erakutsi dute, urte eta erdiko mobilizazioen ondoren eta Administrazioarekin aurrez aurre izan ondoren, non kolektiboaren babesa, Ertzainak Borrokanena bereziki, erabakigarria izan da".
"Azkenean gure argudioak entzutera esertzea onartu izana eta bidezko hitzarmena ez dela zentzugabeko aldarrikapen apetatsua ulertze hutsa, errealitatearekin bat datorren behar justua baizik, aurrerapauso garrantzitsua iruditzen zaigu", adierazi du Euspelek. "Hala ere, argi dugu ez dugula promesetatik haratago ezer lortu", erantsi du sindikatuak.