Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Aizpuruak esan du Sanchezen agintaldia "korapilatsu" dagoela, baina ez du uste azkenetan dagoenik
Urtebete honetan, "Katalunian salbu", "gauza gutxi" egin direla onartu du, baina euren lana borondatea jartzea da, "agintaldiak aurrera jarrai dezan".
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Batean eta bestean entzun da egunotan Sanchezen agintaldia kinka larrian dagoela, baina "egoera ez da hain dramatikoa", EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpuruaren ustez, eta horrelaxe adierazi du gaur, ostiralarekin, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan.
Legealdia "korapilatsua" izaten ari dela eta urtebete honetan, "Katalunian salbu", "gauza gutxi" egin direla onartu du, baina euren lana borondatea jartzea da, "agintaldiak aurrera jarrai dezan". "Hori da gure ardura. Espero dugu nolabaiteko ibilbidea egitea, jarraitzea eta bukatzea", adierazi du.
Horretarako, baina, ez du uste aurrekontuak gako direnik, nahiz eta jakin badakien "garrantzitsuak" direla, "gastu sabaiak onurak ekarriko dituelako". Zailtasunak zailtasun, eta kontuak atzera botatzeko arriskuaren jakitun, Aizpuruak gogora ekarri du gobernu askok egin dutela aurrera aurrekontuak atzeratu arren. Horrek, ordea, ez du esan nahi hil kanpaiak entzuten ari direnik, EH Bilduko bozeramailearen hitzetan.
"Baikor gaude, aukera egon badagoelako, eta dagoeneko hasi ditugu negoziazioak", aurreratu du. Horren harian, hasiera batean behintzat, Espainiako Gobernuak ere aurrekontuak onartzeko ahalegina egingo duela azpimarratu du.
Gaia erabat aldatuta, eta lurralde eztabaidaren aferari helduta, "estatu plurinazionala aitortzeko aukera" badela esan du Aizpuruak, "benetan horretan sinisten dugunok ahalegina egiten badugu". "Mantso joango da. Hasteko, planteamendu komun bat jorratu behar dugu Euskal Herrian, eta gure arteko akordioa lortzen dugunean Madrilera eraman behar dugu eztabaida", adierazi du.