Politika -
Audiencia Nacional
Miguel Angel Blancoren hilketagatik Marisol Iparragirreren aurka zabaldutako auzia artxibatu du ANk
Audientzia Nazionaleko epaileen ustez, gertakariak preskribatuta daude, hilketa gertatu zenetik akusatuaren aurkako kereila jarri zen arte 20 baino gehiago igaro zirelako.
EITB Media
Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Miguel Angel Blanco bahitu eta hiltzeagatik Marisol Iparragirreren aurka zabalduta zegoen auzia, gertakariak preskribatuta daudela iritzita.
Zigor Salako Laugarren Sekzioko magistratuek akusatuaren defentsaren errekurtsoa onartu dute. Bertako argudio nagusia zen delitua egin zenetik (1997ko uztailaren 13a) ETAko buruzagiaren aurkako kereila jarri zen arte (2022ko otsailaren 6a), ia 25 urte igaro zirela, eta preskripzio-epea 20 urtekoa da. Fiskaltzak bat egin zuen errekurtsoan adierazi zenarekin.
Epaileen iritziz, errekurtsoa onetsi egin behar da, bestela "Zuzenbide Estatuaren defentsan", "legezkotasunaren, segurtasun juridikoaren, aldekoak ez diren zehapen-arauen atzeraeraginik ezaren eta botere publikoen arbitrariotasunaren debekuaren printzipioak urratuko" liratekeelako. Era berean, gogorarazi dute gaiaren ebazteko "zigor legean eta jurisprudentzian ezarritakoari heldu" behar zaiola.
Joan zen udaberrian, Manuel García Castelló epaileak Marisol Iparragirre auzipetu zuen, José Javier Arizkuren Ruiz, Mikel Albisu Iriarte eta Iñaki Gracia Arregirekin batera, 1997an Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta hiltzeagatik. ETAko lau kide ohiak ere bahiketa eta hilketa terrorista delituen egiletzat jo zituen, azpikeria astungarri gisa jota, "hilketa eragotz zezaketelako, baina ez zutelako egin".
ETAren zuzendaritza atentatu horrengatik auzipetu izanari buruz ebatzi den lehen apelazio-errekurtsoa izan da Iparragirrerena.