Politika -
Barrena eta Ugarteburu
Erabakitzeko eskubidearen gaineko akordio bat egiteko eskatu du IAk
Euren "ondare politikoa" kontuan har dezaten eskatu die sozialistei, ekimen honetan bat egiteko, Madrilek Kataluniako Legebiltzarrak erabakitakoari "ezezko borobila" eman eta gero.
Erredakzioa
“Larrialdi politiko, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko asmoz”, ezker abertzaleak erabakitzeko eskubidearen aldeko “gutxieneko akordio batzuk” lortzeko eskaintza egin die EAJ, PSE-PSN eta Geroa Bairi. Zentzu horretan, “beren legatu propioari kasu egiteko” eskatu die sozialistei.
Pernando Barrena eta Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko ordezkariek prentsaurreko bat eskaini dute Donostian, eta bertan Estatu Espainiarra “guztiz esku hartuta” dagoela eta “huts egin duen Estatua” dela nabarmendu dute.
Estatu ereduaren erreformak bi helburu dituela ziurtatu du Barrenak : "alde batetik, izaera nazionaleko gatazkak indargabetzen saiatuko dira, adibidez Euskal Herriaren edo Kataluniaren kasuetan, eta bestetik, Ongizatearen Estatutik geratzen zenarekin bukatzen saiatuko dira krisi ekonomikoaren argudioa erabilita”.
"XXI. mendeko zelofana"
Gauzak horrela, Gobernuak Kataluniako Parlamentuak hurrengo legegintzaldian egin nahi duen galdeketari zelan erantzun dion aipatu du Barrenak: “‘kafea guztiontzat’ filosofia erabili dute, baina oraingoan ‘XXI. Mendeko zelofana’ erabilita”.
Hori guztia dela eta, “euskal estatu aske bat” lortzeko helburuarekin, ezker abertzaleak “erabakitzeko eskubidearen aldeko hautua egin du, eta ez da Estatu Espainiarrak etorkizunean erabili beharko lukeen ereduaren inguruko eztabaidetan sartuko, ez delako bere eskumena”. Gainera, ezker abertzaleko ordezkarien ustez, “estatu aske baten aukerak gure herritarren babes zabala eduki dezake”.