Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Trintxerpeko bizilagunen protestak ulertzen ditu Zupiriak, baina erantzuna neurtzea eskatu du
Elkarbizitza arazoak daudela onartu ostean, Segurtasun sailburuak eskatu du ez dezala inork bere zigorra ezarri.
O. A. | EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ulertzen ditu Trintxerpeko eta Gasteizko Koroatze auzoko bizilagunek elkarbizitza arazoengatik deitutako protestak, baina eskatu du ez dezala inork bere zigorra ezarri.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, Gasteizko Koroatze auzoan eta Trintxerpen (Pasaia) okupatutako lonjak direla eta elkarbizitzari lotutako arazoak sortu dira. Zupiriaren esanetan, ulertzekoa da herritarrek kezka kalean agertzea eta manifestazioak egitea. Edozein kasutan, erantzuna neurtzea eskatu du: "Gauza bat da manifestazio bat egitea eta beste da pertsonaren baten kontra egitea edo hitz egitea".
Era berean, Zupiriak nabarmendu du Trintxerpen zein Gasteizen Ertzaintza Pasaiako eta Gasteizko Udalekin eta udaltzaingoekin elkarlanean ari dela.
Horrez gain, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko toki batzuetan segurtasunari lotutako arazoak daudela onartu du sailburuak.
Bestalde, Ertzaintzaren kaleko agenteek soinean eramango dituzten kameren helburua segurtasuna indartzea dela adierazi du. Pasa den astean ETB1en aurreratutakoa berretsi du eta adierazi kalean lan egiten duten ertzainak azarotik aurrera modu progresiboan hasiko direla kameradun uniformeak erabiltzen.