Politika -

Kataluniar hauteskundeak

Masek autodeterminazioarekiko 'beldurra' uxatzea eskatu du

Artur Mas Generalitateko presidenteak Kataluniako hauteskundeak aurreratzeko dekretua sinatu du astelehen honetan.

Artur Mas Generalitatean. Argazkia: Efe
Artur Masek hauteskundeak deitzeko dekretua sinatu du

00:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidenteak autodeterminazio eskubideak sor dezakeen beldurra gainetik kentzeko eskaera egin die Kataluniako herritarrei. "Estatuak ez ditu prozesu subiranistaren aurka armak erabiliko, batez ere gehiengo zabal baten babesa badu", ziurtatu du Masek.

Kataluniako hauteskundeak azaroaren 25era aurreratzeko beharrezkoa den dekretua sinatu ostean, Masek Generalitateko egoitzaren galeria gotikoan egin du agerraldia, hitzordu historiko horren inguruko lehen hausnarketa ofiziala egiteko asmoz.

Masek martxan jarritako prozesu independentistaren aurrean "Estatutik jaurtitako mehatxuen" inguruan hitz egin du: "Ezin da beldurra sartzearen estrategiarekin herri bat isildu. Hori beste garai batekoa da, zorionez beste mundu batean bizi gara gaur egun", nabarmendu du, "Estatu diktatorialaren garaiak oso atzean" daudela gogoratu duen bitartean.

Lasaitasuna merkatuei

Alejo Vidal Cuadras Europarlamentuko presidenteordeak eginiko adierazpenak zuzenean aipatu gabe -Kataluniako egoera zuzentzeko Guardia Zibilaren jeneral bat agintean jartzeko gomendioa egin zion Gobernuari-, Masek erantzun du Europako testuinguruan pentsaezina izango litzatekeela erantzun militar bat jasan behar izatea.

Masen ustez, "inork ezin ditu babes zabal eta demokratikoa duen herri baten aurka armak erabili". Beste gai bati helduz, Mas nazioarteko merkatuak lasaitzen saiatu da, "Estatu propioa izateak ematen dituen baliabiderik gabe europar ekonomiarik indartsuena izatea lortu baldin badugu, Estatu izanda epe ertain edo luzera are indartsuagoak izango ginateke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea