Politika -

Bakea Euskadin

EAJren, PSEren eta EH Bilduren bake ekarpenak bildu ditu Lokarrik

Ezker Anitzak, EBk eta Equok ere Lokarriren proiektuan parte hartu dute. PPk eta UPyDk, ordea, ez dute ekarpenik egin.

Paul Rios Lokarriko bozeramailea.
Paul Rios Lokarriko bozeramailea.
Paul Rios Lokarriko bozeramailea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEko, EAJko, EH Bilduko, Ezker Anitzako, Ezker Batuko eta Equoko hautagaiek Lokarrik proposatutako ekimen batean parte hartu dute. Bertan, bake prozesua eta normalizazioa sustatzeko ekarpenak biltzen dira eta internet bitartez helaraziko dituzte.

"Bakea errotzeko hautagaia" izeneko ekimena aurkeztu dute Paul Riosek eta Manu Vilabrilek, Lokarriko bozeramaileek.EAEko hauteskundeetara begira, gai honen inguruan alderdiek dituzten proposamenak ezagutzeko helburua du proiektuak eta hautagaien artean "bat etortze handiak" daudela azpimarratu dute.

Lokarrik hauteskundeetan parte hartzen duten alderdi guztiei egin die gonbita, bi minutuko bideo batean "bakea eta normalizazio politikoa sustatzeko eman beharreko pausoen inguruko proposamenak" laburbiltzeko. Patxi Lopezek (PSE), Iñigo Urkulluk (EAJ), Laura Mintegik (EH Bildu), Jose Navasek (EB), Mikel Aranak (Ezker Anitza) eta Aitor Urretsik (Equo) onartu dute proposamena, ez, ordea, PPko eta UPyDko hautagaiek.

Sei bideoak Lokarriren webgunean daude ikusgai, baita "procesodepaz.org" webgunean eta YouTuben ere. Hala ere, Vilabrilek bere blogean adierazi duenez, hauteskunde egitarau ezberdinek gai honen inguruan dituzten proposamen guztiak ere argitaratuko dituzte, baita parte hartzea errefusatu duten bi alderdienak ere.

Riosen esanetan, parte hartu duten hautagaiek "bat egin dute puntu garrantzitsuetan", besteak beste "bakerako eta elkarbizitzarako garai historiko batean gaudela, gertatutakoaren memoria gordetzeko beharrean, giza eskubideen defentsan, indarkeriaren biktima guztien errekonozimendua eta haiekiko errespetuan, euskal gizartearen aniztasuna onartzean eta elkarbizitzarako marko berri bat lortzeko bazterketarik gabeko elkarrizketaren aldeko apustuan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea